Kutxak argi dauka BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egin eta irabazien %30 bideratuko dutela gizarte ekintzara lehenengo hiru urteetan; Kutxako bezeroen Banatuz elkarteak, ordea, uste du praktikan irabazien %15 gastatuko dela gizarte ekintzan.
«Kutxek soberakin guztiak gizarte ekintzara bideratzen jarraituko dute, beti ere, legea betez, erreserbetara bideratu behar dutena kenduta». Hala dio BBK-k, Kutxak eta Vitalek beren negozioak Kutxa Banki emateko bereizte proiektuak.
Integrazio kontratuaren arabera, bat egitear dauden hiru kutxek, «gutxienez», irabazien %30 jasoko dute Kutxa Banketik, «beti ere kaudimenak eta araudiak ahalbidetzen badute». %30 hori kutxa bakoitzaren indarraren arabera banatuko dute: BBK-k %57, Kutxak %32 eta Vitalek %11.
Kutxako iturriek BERRIAri esan diote Kutxa Banketik jasoko duten diru guztia bideratuko dutela gizarte ekintzara, erreserbetarako dirua gordeko duena Kutxa Bank izango delako. Kutxek hari emango baitiote finantza negozio guztia; kutxen eskuetan geratuko da, ordea, gizarte ekintza.
Banatuz-ek, bereizte proiektua eta integrazio kontratua irakurrita, ulertu du kutxek jasoko duten irabazien %30aren erdia, legez, erreserbetara bideratu beharko dutela, eta, beraz, beste erdia geratuko dela gizarte ekintzarako, hau da: irabazien %15. Salatu du laugarren urtetik aurrera ez dagoela bermatuta gizarte ekintzarako kopuru horiei eutsiko zaiela.
Gizarte ekintza «desagertzeko arriskuan» dagoela uste du Banatuz-ek. Agerraldia egin zuen atzo Donostiako Udaletxean, gizarte ekintza desagertzeko arriskua salatzeko eta banku bihurtzearen kontra sinadura bilketa abiatuko dutela iragartzeko.Kutxak aurrezki kutxa izaten jarraitu behar duela eta «eredu sozialari» eutsi behar diola uste dute.
«Oso kezkagarria da kutxak banku bihurtzea», esan zuen Luix Barinagarrementeriak, Banatuz-en Donostialdeko ordezkariak. «Kutxak pribatizatzeko arriskua dagoenez, mugitu beharra dugu».
Banatuz-ek duela hiruzpalau egun jaso zituen kutxen bat-egiteari buruzko agiriak. Ehundik hamabi ordezkari ditu Kutxaren batzar nagusian; bezeroen artean ordezkari gehien dituen taldea da, EAJren atzetik.
Gehiengoa ziurtatu gabe
BBKren, Kutxaren eta Vitalen administrazio kontseiluek iragan ostegunean onartu zuten bat egitea. Kutxa bakoitzaren batzar nagusiek berretsi beharko dute erabakia, irailean. BBKn ziurtatuta dago beharrezko gehiengoa, bi herenekoa; Vitalen ere bai, PPk ezustean kontra egiten ez badu;Kutxan, berriz, ez. EAJk, PSE-EEk eta PPk 43 ordezkari dituzte. 67 ra iristeko Hamaikabaten hamahiru ordezkariak, CCOOren hamarrak eta Pixkanaka Kaskariren biak beharko dituzte.
%30ari buruz bueltaka
Bat eginda ere, gizarte ekintzari eutsiko diola dio Kutxak; Banatuz-ek uste du diru gutxiago bideratuko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu