Langabezia datuak eman ditu Gaindegiak, eta, horien arabera, 2013ko azken hiruhilekoan jaitsi egin da langabe kopurua. Orotara, 223.654 langabe zeuden 2013ko amaieran, eta %15,6koa da langabezia tasa. Espainiako Estatistika Institutuaren datuak aintzat hartuta eman du zifra Gaindegiak; izan ere, kopurua handiagoa da Eustaten datuak erabiliz gero (230.854).
Euskal Herriko langabezia tasa Europako Batasunaren batez bestekoa baino 4,7 puntu altuagoa da egun, azken hiru hilean tartea murriztu arren.
Biztanleria aktiboaren inkesta
Behera egin du langabeziak 2013an Hego Euskal Herrian, Biztanleria aktiboaren inkestaren emaitzen arabera. Iazko urte amaieran, 6.900 langile gutxiago zeuden langabezian 2012. urte amaieran baino.
Orotara, 208.500 behargin zeuden lanik gabe Hego Euskal Herrian. Nafarroan, 50.100 pertsona zeuden lanik gabe iazko urte amaieran. Behera egin du kopuru horrek 2013ko hirugarren hiruhilekoarekiko, baita 2012ko azken hiruhilekoarekiko ere.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 158.400 pertsona zebiltzan lan bila 2013 amaieran. Gora egin du kopuruak 2013ko hirugarren hiruhilekoarekiko, baina behera 2012ko azken hiruhilekoarekiko.