Zerga iruzurra atzemateko jarduerei esker, Gipuzkoako Ogasunak 317,5 milioi euro azaleratu zituen joan den urtean, 2009an baino 23,2 milioi euro gehiago etazergetatik biltzen duen diruaren %10 adina. Atzemandako diru horren ia erdia balio erantsiaren zergan (BEZ) egindako iruzurrari dagokio, 142,7 milioi euro hain zuzen; 92,2 milioi euro pertsona fisikoen gaineko zergari (PFEZ); 73,5 milioi euro sozietate zergari; eta 9 milioi beste zerga batzuei dagozkie.
Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatuak berak eskatuta egin du agerraldia Batzar Nagusietan. Azaldu duenez, atzemandako diruaren %70 berehala berreskuratzen du Foru Aldundiak. Aldiz, gainerakoa berreskuratzea gehiago kostatzen dela aitortu du, zergadunak erreklamazio prozesu bat abiatu eta zorra aldi baterako ezeztatuta geratzen delako, edo zergadunak zorra atzeratzea eska dezakeelako. Atzemandako 317,5 milioi euroetatik 29,8 milioi euro zerga delituen kontra abiatu dituzten 29 jardunbideri esker berreskuratuko dituztela ere argitu du.
Gonzalezen esanetan, 2010ean zerga iruzurraren kontrako 104.347 ekintza egin ditu Ogasun Departamentuak, 2009an baino 13.587 gehiago: horietatik 47. 652k pertsona fisikoen gaineko zergarekin zuten zerikusia; 46.715ek balio erantsiaren zergaren; eta 5.031k sozietateen gaineko zergarekin. Zehaztu du Ikuskatze Sailak atzeman duela azalera atera duten iruzurraren herena. Sail horrek batez ere eraikuntza eta etxegintza sektoreetako enpresak ikuskatzen lan egin duela ere azaldu du Gonzalezek.
Ogasun diputatuaren arabera, Gipuzkoako zergadunen gehienen ordainketak zuzen egiten dituzten arren, oraindik lan asko dago egiteko. Iragarri du, gainera, aurten Diputazioak ohiko jarduerak bizkortu egin dituela, otsailerako osatuta izan dezaten urteko ekintza plana. Ogasun Departamentuaren asmoa da gipuzkoarrei lehenbailehen jakinaraztea zein izan daitezkeen iruzur handieneko esparruak. Izan ere, herritarrek salaketak egiten jarrai dezaten nahi du.
Itziar Agirre EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen eledunak nabarmendu du aurrerantzean ere ikuskatze lanekin jarraitzeak duen garrantzia. Julio Astudillo PSE-EEko ordezkariak, berriz, esan du Diputazioak ahalegina egin behar lukeela zerga arauak herritarrentzat ulergarriagoak izan daitezen. Ander Rodriguez Alternatibako ordezkariak eta Rebeka Ubera Aralarrekoak aurrerapausotzat jo duteegindakoa, baina adierazi dute oraindik asko dagoela egiteko. Joxean Rekondo Hamaikabateko batzarkideak eta Regina Otaola PPkoak, azkenik, Ogasunaren lana txalotu dute, departamentu barruan zein handik kanpo lortu dituzten emaitzengatik.
317 milioiren zerga iruzurra Gipuzkoan
2009an baino 23 milioi euro gehiago azaleratu dituzte, herrialdeak zergetatik biltzen duenaren %10 adina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu