Atarrabiako (Nafarroa) Newark San Andres enpresan izandako lan istripuan, langile bat zendu zen atzo. Eñaut Labaien Zapirain da hildakoa, Hondarribia taldeko arraunlari ohia eta bi seme-alabaren aita. 33 urte zituen. Oraindik ez dago argi ezbeharra nola gertatu zen, baina uste dutenez, mantentze lanetan ari zela makina batek harrapatu zuen langilea, eta horrek eragin zion heriotza. Paper enpresa da Newark, baina Labaienek ez zuen han lan egiten, aldiro makineriaren funtzionamendu teknikoaren azterketak egiteko azpikontratatutako beste enpresa batean baizik.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, 12:00etarako minutu batzuk falta zirenean izan zuten larrialdi zerbitzuek ezbeharraren berri. Anbulantzia bat, foruzainak, udaltzainak eta suhiltzaileak joan ziren istripua izandako tokira. Atarrabiako San Andres karrikan dago enpresa. Foruzainak arduratuko dira gertatutakoa ikertzeaz.
Labainek hamabost denboralditan egin zuen arraunean Ama Guadalupekoan. Hain zuzen, hamahiru urte zituenetik zuen lotura arraun elkartearekin, eta 2007an taldearen urrezko intsignia ere eman zioten. Besteak beste, ACT liga irabazi zuen 2006an.
Gaur, elkarretaratzeak
Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzera deitu du Newardeko langile batzordeak. 12:00etan izango da,enpresaren aurrean. LABek bat egin du protestarekin. «Lan istripuak enpresarien jarreraren menpe daude, haien esku baitago enpleguaren kalitatean eta prebentzioan inbertitzea», esan du sindikatuak. Ezbeharrak ez direla kasualitatez gertatzen gaineratu du: «Lan istripuz hildako langilearen ezaugarriak berberak dira behin eta berriro: gaztea eta azpikontratatua».
Azpikontratazioak dakartzan arriskuez ohartarazi du CGTk ere. «Langileek ez dute ongi ezagutzen eremua, eta ezin dute segurtasunez lan egin». Halaber, salatu du elkarrizketarako mahaiaren eta lan erreformen eraginez orokortu egin dela azpikontratazioa. Langile batzordeak antolatutakoaz aparte, beste elkarretaratze bat egingo dute CGTkoek. Gaur izango da, 19:30ean, Iruñeko Mercaderes kalean.
Sindikatuek emandako datuen arabera, urte hasietatik hiru langile hil dira Nafarroan lanean ari zirela. LABen arabera, Euskal Herrian bederatzi izan dira. Joan den urtean, 80k galdu zuten bizia. Aurreko urteekin konparatuta, jaitsi egin zen lan istripuen kopurua, batez ere langile asko langabezian zeudelako.
33 urteko langile bat hil da Atarrabian, makina batek harrapatuta
Azpikontratatutako enpresa batentzat lan egiten zuen hildakoak; Hondarribiko arraun taldean aritua zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu