Nafarroako Gobernuak 2012ko otsailaren 15ean adostu zuen lanpostu publikoek eragindako gastua murriztea, eta gaur erabaki du 336 lanpostu ezabatzea. Horietatik 109 Osasunbidean kenduko dituzte, Nafarroako Ospitaleen Guneko sukaldeen zerbitzua pribatizatuta.
Gobernuak azaldu duenez, urtean 11 milioi euro aurreztuko ditu lanpostu horiek kenduta. Jakinarazi duenez, 2012an 24.402 langile publiko zituen Nafarroako Gobernuak batez beste; esaterako, 9.657 Osasunbidean, 8.813 hezkuntzan eta 1.060 Foruzaingoan. Gaur onartutako murrizketarekin 2008ko langile ratiora itzuliko dela adierazi du gobernuak.