Fagor Etxetresnen zenbait adar salbatu eta proiektu berriak antolatzeko astia bukatzen ari da, eta atzotik are laburragoa da epe hori, konkurtsoa daramaten administratzaileek 340 langile kaleratzeko dosierra aurkeztu baitute Donostiako Merkataritza arloko epaitegian, BERRIAk jakin duenez. Edesa, Grumal eta Fagor Etxetresnetako soldatapekoak sartuko lirateke erregulazio dosier horretan. Lantegien likidaziorako urrats argia da dokumentua; atzoko data dauka.
Hiru enpresetako beharginen ordezkaritzek kaleratzeak gauzatzeko dosierra negoziatu beharko dute orain Fagorreko administratzaileekin, legeak finkatzen duen kontsulta epean. Edonola ere, baliteke hilabete eta erdi igarotzerako kaleratze kolektibo handia egitea taldean. Ikusi egin behar da, ordea, zenbatekoa den azkenean, Edesa eta Geyser lotzen dituen Confort ataleko proiektua mahai gainean baitago, Mondragon taldearen erantzunaren zain.