LANGABEZIA

3.400 langabe gehiago daude Hegoaldean

Langabezia tasa %7,85eraino igo zen uztailean Hego Euskal Herrian eta egindako kontratuen %94 aldi baterakoak izan ziren

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Uztailaren amaieran Hego Euskal Herrian ekainean baino 3.455 langabe gehiago zeuden INEMen zerrendatan izen emanda. Guztira 103.588 lagun zeuden langabezian aurreko hilabetean baino %3,45 gehiago. Langabezia tasa %7,85 igo zen eta apiriletik ekainera emandako joera beherakorra hautsi egin da. Hala ere, iazko uztaileko datuekin alderatuz, 4.374 pertsona gutxiago daude lanik gabe Hegoaldean.

Herrialde guztietan igo da langabezia baina proportzioan gehien Gipuzkoan, %5,46 (1.223 langabe), betiere . Langabeen kopuru orokorretan igoera handiena Bizkaian izan da 1.364 gehiagorekin (%2,97). Uztaila amaieran guztira 47.278 pertsona zeuden Bizkaian, INEMen zerrendan iaz baino 2.961 pertsona gutxiago.Nafarroan bakarrik igo da lanik gabekoen kopurua iazko uztailarekin alderatuta, 577 pertsonatan. Adinari dagokionez, 25 urte baino gehiago dituzten 94.179 pertsona daude lanik gabe (%91). Oraindik emakumezkoak gehiago dira langabeen artean. Hego Euskal Herrian langabeak orokorrean hartuta, 22.740 emakumezko gehiago daude gizonezkoak baino. Sektoreka aztertuta egoera, langabezia gehien ondorengoetan igo da: nekazaritzan %22, zerbitzuetan %5 eta eraikuntzan %3,3. Industrian bestalde aurkakoa gertatu da %0,2 txikituta. Igaro hilabetean zehar egindako kontratuen gehiengo zabala, nola ez, aldi baterakoak izan ziren. Hego Euskal Herrian egin ziren 91.348 kontratuen %6,16 bakarrik izan ziren mugagabeak. Euskadiko CCOO kezkatuta agertu zen atzoko datuekin. Haren ustez, langabeziaren igoerak «alarma seinale» bat piztu du «Euskadiko langabeziaren hazkundea Espainiako handienetako bat izan delako». Salatu zuen baita ere emakumeen egoera kaskarra ohikoa bihurtzen ari dela eta hori aldatu beharra dagoela. Kontratu mugagabeen alde ere agertu zen sindikatua, oraindik ere kontratu ia guztiak aldi baterakoak direla ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.