Sektore publikoa

35 lanorduko astea itzuliko die Jaurlaritzak funtzionarioei

Aurtengo lanaldia 1.592 ordutan finkatu du dekretu bidez Urkulluren gobernuak, aurreko hiru urteetan baino 22 ordu eta erdi gutxiago.

Gobernu Kontseiluaren ondoren jakinarazi du Josu Erkoreka bozeramaileak (erdian) funtzionarioen lanaldia murrizteko erabakia. Haren ondoan, Angel Toña Enplegu sailburua (ezkerrean) eta Jon Darpon Osasun sailburua (eskuinean). JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2016ko otsailaren 2a
08:00
Entzun

Hiru urteren buruan eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako hilabete gutxi batzuk falta direnean hartu du Eusko Jaurlaritzak funtzionarioei eta lan legepeko beharginei 35 orduko lan astea bueltatzeko erabakia.

Hala, 2016. urtean 1.592 lanordu izango dituzte Eusko Jaurlaritzako alor ezberdinetan dauden 70.000 langileak. Aurreko urtean baino 22 ordu eta erdi gutxiago dira. Hau da, hiru lan egun gutxiago egin beharko dituzte aurten. Neurria martxan jartzea 8,7 milioi kostatuko zaio gobernuari. Osakidetzan ordezkoak kontratatzeko eta Ertzaintzan aparteko orduan ordaintzeko erabiliko da diru gehiena.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur onartu du langile publikoen aurtengo lan baldintzak finkatzen dituen dekretua. Mandatu horren arabera, funtzionarioek 22 opor egun izango dituzte, eta beste 45 ordu —sei lan egun— nahierara erabili ahalko dituzte.

Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra datorren otsailaren 11n bilduko du Justizia eta Administrazio Publikoen Sailak. Dekretu berriaren nondik norakoak azaltzeaz gain, antzinatasuna dela-eta funtzionarioek dituzten librantza egunak bueltatzeko modua negoziatu nahi du langileen ordezkariekin. Jai egun horiek 2012. urtean ezabatu zituen Espainiako Gobernuak, eta agindu horri jarraitu zion Jaurlaritzak ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.