Eusko Jaurlaritzak auzitan jarri du PPren gobernuaren legitimitatea 35 orduko lanaldiari helegitea jartzeko, jardunean dagoen exekutibo bat baita. "Ahal duen moduan eragotzi nahi du Kongresuaren kontrola, baina ez du inolako eragozpenik besteak kontrolatzeko, trabatzeko eta besteen arazoetan muturra satzeko", salatu du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak.
Estatuaren abokatuak EAEko Justizia Auzitegian jarritako helegitea berehala bertan behera uzteko eskatu du Erkorekak, eta aldarrikatu du bere gobernuak eskumena duela bere langileekiko politika diseinatzeko.
Ildo berdinetik jo du Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak ere, Onda Vasca irratian. Madrilek auzitegietara jotzeak harritu egin duela ziurtatu du, eta erantzun "irmo" bat eman behar zaiola gaineratu. Argitu duenez, helegiteak ez du 35 orduko lanaldia etengo.
Sindikatuen eta oro har langileen garaipen historiko bat izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoan 35 orduko lanaldia ezartzea, 2000. urtean. Euskal Herrian zerbaiten alde egindako greba orokor bakanaren ondoren etorri zen, 1999an egindakoa.
2013an, Eusko Jaurlaritzak praktikan hautsi zuen 35 orduko lan astea, urtean 22,5 ordu gehiago lan eginarazi baitzien bere 70.000 langileei. Krisi garaian egin beharreko "ahalegin txiki bat" izan zen, Zearretaren hitzetan.
Joan den otsailaren 3an, ordea, lanaldia urteko 1.592 ordutan berrezarri zuen Jaurlaritzak. Erabakia txalotu zuten sindikatuek, beste arlo batzuetan krisi aurreko egoerara itzuli ez direla salatu zuten arren. Confebask patronalak, berriz, oso gogor egin du neurri horren aurka, sektore pribatuarentzat adibide txarra delakoan.
ELA ere haserre
"Euskal autogobernuaren aurkako eraso larri bat da", uste du ELAk ere, " berriro agerian uzten duena Estatuaren inboluzio-agenda, hala arlo sozialean, nola autogobernuaren aurka".
ELAk Urkulluren gobernuari exijitu dio autogobernua eta negoziazio kolektiboko euskal markoa defendi ditzala, eta 35 orduei buruz emandako dekretua bete dezala. Dagozkion ekinbide juridikoez gaindi, ELAk jarrera politiko tinkoa eta 35 orduei eusteko konpromisoa eskatu dizkio.
Errekurtsoa ontzat hartuz gero, administrazioko milaka enplegu suntsituko direla uste du sindikatuak. 35 orduko lanaldia enplegua sortzeko tresna ez ezik, "zerbitzu publikoaren kalitatea nahiz bere langileen bizi-baldintzak hobetzeko bidea" dela aldarrikatu du ELAk.