Aurtengo hamargarren langilea hil zen atzo, lan istripu batean. 36 urte zituen. Istripua Eibarren (Gipuzkoa) gertatu zen, atzo goizean. Eraikin bateko aurrealdearen zaharberritze lanak amaituta, aldamioa kentzen ari ziren eraikin batetik. Horretan ari zela, langilea aldamiotik erori zen, hamahiru metrotik, 08:00 aldera. Osalanen arabera, aldamioko estalpe bat hautsi zen, eta horregatik erori zen langilea.
Hildakoak Eibarko Reonor enpresarentzat lan egiten zuen, duela zortzi urtetik. Jatorriz Ekuadorkoa zen. ELAren arabera, enpresa horretako zenbait langile ez daude Gizarte Segurantzan izena emanda. Sindikatuak, era berean, uste du ez zaiela aplikatzen Gipuzkoako eraikuntzako lan ituna. Lan Ikuskaritzak ez du istripuaren berri izan ELAk jakinarazi dion arte.
Bai ELAk eta bai LABek istripuaren ostean gogoan izan dute Eusko Jaurlaritzak, patronalak, CCOOk eta UGTk bultzatutako Lotu programa, eraikuntzako erorketak saihestekoa. Bi sindikatuek salatu dute Lotu programa «publizitate kanpaina» dela. Ez duela neurri eraginkorrik aplikatzen eraikuntzako lan istripuak saihesteko: «Ezta hildakoaren enpresan ere, Lotu programa sinatu zuen sindikatuko ordezkari bat duten arren».
1.853 hildako 1996tik
LABek atzo Donostian egin zuen ordezkarien batzar nazionalean gogorarazi zuen 1996tik 1.853 langile hil direla lan istripuen ondorioz.
UGT Euskadik ikuskaritza lanak areagotzeko eskatu du, lan istripu askoren arrazoia bera baita: altueratik erortzea. Euskadiko CCOOk lan istripua salatzeko kontzentrazioa egingo du gaur, 11:30ean, Eibarko Untzaga plazan, «enpresek eta erakundeek lan osasunean eta istripuetan ez dutela arretarik jartzen salatzeko».
Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere salatu dute atzoko lan istripua.
36 urteko langile bat hil da Eibarren, aldamioa hautsi eta lurrera erorita
Eraikuntzako erorketak saihesteko Lotu programa publizitate hutsa dela salatu dute ELAk eta LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu