ELAren Azterlan Kabineteak gaur emandako datuen arabera, iaz Hego Euskal Herrian langabeen kopurua 40.000an hazi zen. Haietatik 25.000 gizonezkoak ziren eta 15.000 emakumezkoak. Langabezia tasa %8,3koa zen -gizonezkoena %7,6koa, emakumezkoena %9,3koa-, 2007ko laugarren hiruhilekoan baino %2,9 handiagoa.
Denera 113.700 pertsona zeuden joan den urtean beharrik gabe; 57.300 gizonezkoak ziren eta ia beste hainbeste emakumezkoak.
Sektore guztietan galdu zen enplegua, baina eraikuntza izan da kaltetuena (19.800 postu). Hurrengoak: zerbitzuen sektorea (13.900), industria (200) eta nekazaritza-abeltzaintza-arrantza (100).
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak azaldu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordina %2a igo eta soldatak Europako Batasuneko hainbat herrialdeetakoak baino baxuagoak izan arren, langabeziak gora egin duela. "Egoera honetara ekarri gaituztenen politikak aldatzera behartu behar ditugu, ez dagoelako langile munduaren interesak defenditzeko beste biderik".
Hark azpimarratu duenez “enpleguaren kalitatea izugarri hondatu da urteen poderioz. Madrilen adostu eta onartu diren lan erreformek behin-behineko kontratazioa bultzatu eta langileen kaleratzea nabarmen erraztu dute. Gobernuak dira lan baldintzak hondatu izanaren errudunak".
Sindikatuaren Azterlan Kabineteak beste jakingarri batzuk ere eman ditu ezagutzera. Besteak beste, krisiaren ondorioz Hego Euskal Herrian suntsitzen ari den enpleguaren maila askoz gorago dago Europako batez bestekoa baino. "Hori bera gertatu zitzaigun aurreko krisian ere. Horren arrazoiak bilatu behar ditugu prekarietate tasa handian eta malgutasunean".
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan biztanleria okupatua 1.248.300 izatera jaitsi dela esan du ELAk. Gizonezkoen biztanleria okupatua 701.400ekoa da eta emakumezkoena 546.900ekoa.
Gehien okupatu den sektorea zerbitzuena izan da, 802.200 langile baititu (%64,3). 307.000 aritu dira industrian (%24,6), 111.600 eraikuntzan (%8,9) eta 27.500 nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan (%2,2).
Ekonomia
40.000 langabe gehiago zeuden iaz Hego Euskal Herrian
ELAren Azterlan Kabineteak emandako datuek diotenez, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan denera 113.700 pertsona zeuden joan den urtean lanik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu