Krisia eurogunean. Erreskatea Espainiarentzat

403.000 milioi + 100.000 milioi

Greziak, Irlandak eta Portugalek ere jaso dute laguntza; erreskatearen truke murrizketa handiak egin behar izan dituzteEkainaren 17ko bozetan, eurogunean jarraitu nahi duten ere jakinaraziko dute greziarrek

Miren Garate.
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
«Eta orain zer?». Espainiak erreskatea eskatu ostean, hori da galdera nagusia. Bada, jasotakoa itzuli egin beharko du, eta, dirua ez denez zerutik eroriko, herritarrei zuzenean eragingo dien neurriak hartuko ditu gobernuak. Grezia, Irlanda eta Portugalen aurrekariek hori erakusten dute bederen.

1. Grezia

Zalantzarik gabe, Europako Batasunari eta Nazioarteko Diru Funtsari buruhauste gehien eman dien herrialdea da. Bat ez, bi erreskate eskatu behar izan ditu. Eta, orain, begi guztiak gaur zortzi egingo diren hauteskundeetan daude jarrita. Syriza ezkerreko koalizioa eta Demokrazia Berria eskuineko alderdia dira irabazteko bi hautagaiak. Syriza erreskateen truke onartu behar izan dituzten murrizketen kontra dago. Greziako Gobernuaren eta troikaren arteko akordioak bertan behera uztea planteatzen du, eurotik atera gabe. Euroguneak esan du halakorik ez duela onartuko. Ezbaian dago, beraz, herrialdeak eurogunean jarraituko duen.

Atzera egin behar da egoera ulertzeko, 2009ko urrira. Hauteskundeak irabazi zituen Georgios Papandreu sozialdemokratak, eta aurreko gobernuak gezurra esan zuela jakinarazi zuen: defizita ez zela BPGaren %6koa zioen, %12,7koa baizik. Kopurua zuzendu zuen EBk, eta %15,4ra altxatu. Gobernua ordainketak egin ezinda geratzear zegoen zurrumurruak etengabe hazi ziren, eta 2010eko maiatzean onartu zuten EBk eta NDFk lehen laguntza ematea: 110.000 milioi eurokoa. Dirua ez zuen bat-batean jasoko Greziak, zatika baizik, eta parte bakoitza eskuratzeko, aurrezpen latza egin beharko zuen.

Lehen laguntza hura ez zen aski izan Greziarentzat, eta aurtengo otsailean bigarren erreskatea eman diote EBk eta NDFk. Oraingoan, 130.000 milioikoa. Guztira, beraz, 240.000 milioi jaso ditu. Diruaren truke, berriro ere aurrezteko neurriak galdegin dizkiote.

Herritarrak ederki ari dira igartzen erreskateen ondorioak. 1.200 eurotik gorako pentsioak %20 gutxitu dituzte, eta 55 urte bete aurretik erretiroa hartu dutenenak, %40. Erretiro adina 65 urtera atzeratu dute —lehen, emakumeek 60 urterekin har zezaketen—, eta kotizatu beharreko epea 35 urtetik 40ra gehitu dute. Pentsioaren zenbatekoa soldataren %80tik %64ra jaitsi da. Hiru dendatik bat itxi egin dute, eta langabezia tasa %22ra iritsi da. Lau biztanletik bat baino gehiago pobrezia mugaren azpitik bizi dela kalkulatzen da. Testuinguru horretan iritsiko dira, beraz, datorren igandeko hauteskundeak, presidentea nor izango den ez ezik, greziarrek eurogunean jarraitu nahi duten edo ez erabakitzeko balio baitezakete.

2. Irlanda

Greziaren atzetik laguntza eskatu zuen bigarren herrialdea izan zen. 2010eko azaroan izan zen, eta 85.000 milioi jaso zituen. Eredutzat du EBk, esku hartutako herrialde batek izan behar duen jarreraren eredutzat. Troikaren esanetan, «aise» bete zituen 2011rako finkatutako baldintzak, eta aurten ere bide beretik jarraituko duen esperantza du. 4.200 milioi aurreztu behar ditu.

Troikaren pozik ez dute herritarrek, euren poltsikoetatik ari baita ateratzen diru hori. 2015era bitartean 23.500 postu publiko kenduko dituela iragarri du gobernuak; murrizketak hasi zirenetik, beraz, %12 murriztuko da funtzionario kopurua. Erretiro adina 66 urtera atzeratuko du 2014an, 67 urtera 2021ean, eta 68 urtera 2028an. BEZa %21etik %22ra pasako da datorren urtean, eta %23ra 2014an.

Bankuek etxegintza sektorean egin nahi zuten negozioak eraman zuen neurri batean herrialdea porrotera. Behar baino askoz etxe gehiago egin ziren. Jendeak erosi egiten zituen, inbertsio gisa, eta horretarako zorretan jartzen ziren bankuekin. Aldi berean, bankuek zorrak egiten zituzten beste bankuekin. Burbuila lehertu zen arte. Irlandaren itxaropena da datorren urtean merkatuetara itzultzeko gai izatea, era horretan finantzaketa merkeagoa lortzeko. Gaur egun, %5,8ko interesak ordaintzen ditu erreskatea itzultzeko.

3. Portugal

Murrizketak bata bestearen atzetik onartu zituen, baina oposizioak atzera bota zuen laugarren murrizketa plana. Gobernuak dimisioa eman zuen, eta egoera eutsiezina bihurtu zen. Krisi ekonomikoa eta politikoa bat eginda, iazko apirilaren 6an eskatu zuen erreskatea, 78.000 milioi eurokoa. Bankuen egoera ez zen Portugalen arazoa; laguntzaren zati bat, 13.000 milioi, gordeta dauka haien kapital beharrak asetzeko, baina oraindik ez ditu erabili. Alabaina, finantza erakundeek presioa egin zioten gobernuari, merkatuek eskatzen zizkieten interes tasa altuak zirela medio zailtasunak zituztelako finantzaketa lortzeko.

Funtsean, urteetako hazkunde apala eta lehiakortasun falta ziren herrialdearen oztopo nagusiak. Kalifikazio agentziek ez diote barkatu, eta herrialdearen, enpresen nahiz bankuen zorraren kalifikazioa zaborraren azpitik kokatu dute.

Alabaina, kalifikazioaren azken jaitsierak ez dira izan finantza arazoengatik, erreskateagatik eskatutako murrizketa neurriek ekonomia guztiz ahuldu dutelako baizik. Funtzionarioei nahiz pentsiodunei aparteko bi ordainsariak kendu dizkie herrialdeak. Zergen igoera izan da herritarrengan haserre handiena eragin duen neurrietako bat. BEZa %23ra igo dute, eta tasa orokor hori jarri zaie lehen murriztutako BEZa zuten hainbat produkturi ere. Argindarrarena eta erregaiena, esaterako, %6tik %23ra pasatu da. Langabezia tasa ere inoizko mailarik gorenera iritsi da, %15era. Lan erreformaren eraginez, kaleratzeak merkeagoak dira, eta langabezia saria 26 hilabetean jaso daiteke; lehen, 37 hilabetean. Opor egunak gutxitu dira, eta lanorduak, gehitu.

Laguntza jaso zuenean, helburua zen datorren urte erdialdera merkatuetan bere kabuz finantzatzeko gai izatea. Analistek, kalifikazio agentziek eta troikak egindako txostenek, ordea, zalantzan jartzen dute horretarako gai izango den. EBren eta Portugalgo Gobernuaren arabera, zorraren interesak murrizten ez badira ere laguntza jasotzen jarraituko du herrialdeak. Bigarren erreskatea esan nahiko luke horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.