41,5 urtean kotizatuta, 60 urterekin erretiratu ahal izango da Iparraldean

Hiru seme-alaba dituzten amek eta langabezian egondakoek aukera izango dute kotizatutako epeari bi hiruhileko gehitzeko2010eko pentsioen erreforma leundu egin du Hollandek, kanpainan iragarri bezala

Pentsioen erreforma salatzeko 2010ean Baionan egindako protestetako bat; erretiro adina mantentzeko eskatu zuten. GAIZKA IROZ.
Miren Garate.
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak, orain egun batzuk, pentsioen sistemak bideragarri izateari utz diezaiokeela esan zion Frantziari. Oharrak, ordea, ez du izutu François Hollande presidentea, eta hauteskunde kanpainan agindutakoari eutsi dio. Berriro ere 60 urterekin erretiro hartzeko aukera emango du, baina 41 urtean edo 41,5 urtean kotizatu beharko da pentsio osoa jaso ahal izateko. Azaroaren 1ean jarriko da indarrean neurria.

Orain bi urte onartutako pentsioen erreformak iskanbila handia eragin zuen Ipar Euskal Herrian nahiz Frantzian. Erretiro adina 60 urtetik 62ra atzeratzea eta pentsio osoa kobratu ahal izateko kotizazio urteak gehitzea erabaki zuen Nicolas Sarkozyren gobernuak. Erreforma hura ez du indargabetu Hollandek, baina leundu egin du. 1955ean eta handik aurrera jaiotakoei egingo die mesede, 41,5 urtean kotizatu badute, 60 urterekin erretiroa hartu ahal izango dutelako berriro. Hau da, 18 eta 19 urterekin lanean hasi zirenek aukera izango dute adin ofizialera iritsi baino lehen erretreta hartzeko.

Hiru seme-alabatik gora eduki edo gaixotasun luzeak izan dituzten emakumeentzat ere mesedegarria izango da erreforma, baita epe luzean langabezian egon direnentzat ere. Batzuek zein besteek kotizatutako denbora tarteari bi hiruhileko gehitzeko aukera izango dute. Orain artean, ez zegoen horretarako aukerarik, bi kasutan soilik gehitu zitekeen kotizatutako denbora tartea benetan lanik egin gabe:soldaduskagatik eta amatasun baimenagatik. Lau hiruhilekok adina kontatzen zuten bi kasu horiek. Aurrerantzean ere hala izango da.

Marisol Touraine Gizarte Gaietarako ministroak jakinarazi duenez, 110.000 pertsonari eragingo die erreforma berriak. Gobernuari, berriz, 3.000 milioi euroko kostua sortuko dio 2017ra bitartean. Beraz, hauteskunde programan iragarri baino diru gutxiago gastatu beharko du, 5.000 milioiko kostua aurreikusi baitzuen PS alderdiak.

Touraineren esanetan, neurria «ezin hobeto finantzatuta» dago. Kotizazio sozialak eta patronalak %0,1 gehituko dira urtero 2013tik 2017ra bitartean. 1.600 euro kobratzen duen langile batek bi euroko gainkostua izango duela nabarmendu du. «Justiziazko politika da 20 urte baino lehen lanean hasi zirenentzat».

Dekretu bidez onartu du neurria Frantziako Gobernuak, legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzulirako lau egun falta direnean. Oposizioko alderdiek haserrea ekarri du horrek. UMP alderdiaren arabera, «eskandalagarria» da araudia parlamentuan eztabaidatu gabe onartu izana. Hauteskunde kanpainan esandakoaren arabera, uda pasatu ostean, gizarte eragileekin negoziatzen hasi nahi du Hollandek, «eramateko moduko erretreta sistema ezartzeko». Negoziazio horietan, erretiroaren adinaz, pentsioen zenbatekoaz eta sistemak bere burua finantzatzeko behar dituen diru sarrerez hitz egingo dute.

Bruselari erantzuna

Erretiro adina aurreratzearen erabakia ez dator bat Europako Batzordeak Frantziari emandako aholkuekin. Brusela kezkatuta dago herrialdearen gastu publikoarekin, eta aurreko astean hura kontrolatzeko neurriak hartzera aholkatu zion. Bruselak dio hauteskunde programan iragarritako hiru neurri alde batera utzi behar dituela Hollandek defizit helburuak bete ahal izateko. Erretreta 60 urterekin hartzeko aukera da horietako bat. Horrez gain, balio erantsiaren zerga igo egin behar lukeela dio, eta gutxieneko soldata «nabarmen» igotzeko asmoa bertan behera utzi.

Bruselak esandakoari erantzun dio Pierre Moscovici Finantza ministroak. Esan du Frantzia prest dagoela erreformak egiteko, era horretan Europarekin dituen konpromisoak bete ahal izateko. Alabaina, nabarmendu du berak erabakiko duela zein neurri hartu, eta ez diola Europako Batzordeak aginduko. «Logikoa da Frantzia bezalako herrialde batek bere bidea aukeratzea, eta ez inork agintzea».

Gobernuak eta Bruselak Frantziaren egoerari buruzko «diagnostiko» berbera dutela gaineratu du. «Defizit hirukoitza dugu jardueran, atzerriko saldoan eta aurrekontuen sinesgarritasunean». Hori guztia bere onera ekarri behar dela esan du Moscovizik, eta horretarako defizit publikoa barne produktu gordinaren %4,5era murriztu behar dela aurten eta %3ra datorren urtean.

Bruselari erantzuteaz gain, Finantza ministroak iragarri du inbertsio banku publiko bat sortzeko asmoa ere badutela. 2013an jarriko da martxan, eta banku pribatuek behar adina betetzen ez dituzten beharrei erantzutea izango du helburu. Besteak beste, adierazi du enpresa ertain eta txikiei lagunduko diela eta energia aurrezteko eta ingurumenari lotutako proiektuak babestuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.