45 eguneko ordaina jasoko dute Intraplasen

Epaileak ebatzi du legeak baimentzen duen gehienezko kopurua ordaindu behar duela enpresak

Miren Garate.
2010eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Iazko irailean iragarri zuen Intraplasek Alonsotegiko (Bizkaia)lantegia ixteko asmoa. Lanik gabe geratu dira hango 56 langileak, baina legeak baimentzen duen gehienezko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute: 45 egun lan egindako urte bakoitzeko, gehienez ere 42 hilabetean. Bilboko lan arloko bigarren epaitegiaren arabera, zuzendaritzak enpresa deskapitalizatu nahi izan du bere esku dauden beste hiru lantegiren mesedetan. Anitya, Manufacturas Atxo eta Gonar dira horiek, eta Legution (Araba) daude.

CCOOk jakitera eman duenez, epaileak halako erabaki bat hartzen duen lehen aldia da. Normalean, likidazio prozesuetan, arrazoi ekonomiko eta produktiboek eragindako kaleratzeen ordaina jasotzen dutela langileek azaldu du CCOOk, hau da, lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko saria.

Aurrekari «garrantzitsua»

Sindikatuaren arabera, enpresaburu askok iruzur egiten dute konkurtso legearekin. Hori dela eta, Intraplasi buruz emandako epaia «aurrekari garrantzitsua» dela nabarmendu du. «Krisi honetan patronalaren artean asko zabaldu da balantze ekonomikoei kirurgia egitea. Era horretan, kaudimen falta argudiatu eta enpresak ahalik eta kostu txikienarekin itxi nahi izan dituzte»,adierazi dute sindikatuko ordezkariek.

Autoentzako eta elektrogailuentzako plastikozko piezak egiten dituzte Intraplasen. 2008ko abendutik egon da erregulazioan, eta ordutik langileak kaleratzeko bi espediente aurkeztu ditu. Aurrenekoa, iazko martxoan. Hemezortzi langile kaleratu nahi izan zituen orduan, baina Jaurlaritzak ez zion baimenik eman. Bigarren espedientea irailean aurkeztu zuten, eta langile guztiak kaleratzeko baimena eskatu. Langileek hainbat protesta egin dituzte azken hilabeteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.