4.915.610.154 aldiz errudun

Iker Aranburu.
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Epaileak bankuari sinetsi dio. Parisko auzitegiak bost urteko espetxe zigorra -horietako hiru bete beharrekoak- ezarri zion atzo Jerome Kervielburtsako operadoreari, hainbat operazio arriskutsuren bidez Societe Generale bankuari 4.915.610.154 euroko galera ekarri ziolako. Kopuru hori da, alegia, Kervielek bankuari eman beharko dion kalte-ordaina. Gaur egun aholkulari informatiko gisa jasotzen duen 2.300 euroko soldatarekin, 170.000 urte beharko lituzke dirua pagatzeko.

Societe Generalek berak onartu du Kervielek ezingo duela diru hori ordaindu, eta ikusteke dago saiatuko ote den. Baina, hala ere, bere poza adierazi du, epaiak bankua erabat errugabetzat jo baitu. Horixe zen, hain zuzen ere, Kervielen epaiketak argitu behar zuena: ba ote zekien Societe Generalek bere artekariak apustu arriskutsuak -eta sarri legez kontrakoak- egiten zituela? Kervielek argudiatu duen moduan, bankuak babesa eman al zien operazioei dirua irabazten ari zen bitartean?

Epaiak ez du zalantza izpirik uzten: erantzule bakarra Kerviel da, eta hiru delituren egile: dokumentuak faltsutzea (operazioak ezkutatzeko), uste onaren iruzurra egitea eta bankuko ordenagailuak pirateatzea. Azken hori soilik onartu du Kervielek. «Bere ekintzekin arriskuan jarri zuen 140.000 langileko bankua, eta arriskuan jarri zuen haren etorkizuna», dio epaiak.

2008ko urtarrilaren 18an afera jakinarazi zenean, Kervielek bankuaren 50.000 milioi euro zituen jokoan etorkizuneko merkatuetan. Apustu horietan atzera egitean 4.900 milioi euro galdu zituen Societe Generalek, baina kapital handitze baten bidez estali zuen zuloa.

Kervielen abokatuak, Olivier Metznerrek, oroitarazi du akusatuak diru horretatik «zentimo bakar bat ere» ez zuela patrikaratu. Helegitea iragarri du. «Epaiak ez du zentzurik, esaten baitu bankua ez dela ezeren erantzule, ez dela sortu duen izakiaren erantzule, Kerviel dela gehiegikerien erantzun bakarra». Epaiak epai, zeharka bada ere, neurririk gabeko diruzalekeria eseri da akusatuen aulkian. Eta epaileak, sistema egin beharrean, pertsona bat egin du errudun.IKER ARANBURU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.