Zuhur aritu zen Kutxabank urteko bigarren hiruhilekoan eta zuhur aritu da hirugarrenean ere. Irabazien saila handitu beharrean, negozioak ematen dion dirua bere kapitala sendotzeko erabiltzen ari da Mario Fernandez buru duen bankua. Kaudimen ratioa %11,9ra igo du eta horren barruan kalitate handiko kapitala, —Core Tier 1 deitutakoa— %11,4ra igo du. Duela hiru hilabete baino 0,4 puntu gehiago eta urte hasieran baino 1,3 puntu gehiago da hori. Kapital hori pilatzeko laguntza publikorik ez duela izan nabarmendu nahi izan du bankuak, edo bere lehiakide batzuek bezala, ez dituela aktibo toxikoak Sareb banku txarraren esku jarri.
Kapitalaren koltxoia handituta prestatu nahi ditu bankuak hurrengo hilabeteotan igaro behar dituen bi azterketak: Basilea III. arau gehiagoren indarrean jartzea batetik, eta, batez ere, datorren urtean Europako Banku Zentralak egingo dion azterketa. Kutxabankekin batera kontinenteko beste 129 bankuri egingo die estres azterketa. Horien artean izango da BBVA, baina ez, ordea, Laboral Kutxa eta Nafarroako Rural Kutxa.
Urteko lehen bederatzi hilabeteotan 60,3 milioi euroren irabaziak izan ditu Kutxabankek. Bankuak kaleratutako agiriak dio %4,4 jaitsi dela iaztik. Haatik, duela urtebete zabaldutako informazioak zioen 118 milioi irabazi zituela. Irabazien banaketari buruzko aldaketa bat egin du, beraz. Urtearen amaieran 84,6 milioi irabazi zituen, azken hiruhilekorako utzi zituelako zuzkiduretako asko (585 milioi orotara).
Irabaziak ez gizentzeko erabakiaren alde txarra da gizarte ekintzarentzat diru gutxiago uzten duela. Mozkinen %30 gizarte ekintzaren bidez banatzeko konpromisoa du Kutxabankek eta, noski, irabaziak ahalik eta handienak izatea interesatzen zaie hura banatzen duten hiru kutxei (BBK, Kutxa eta Vital). Iazko emaitzetatik 27,9 milioi banatu ditu aurten gizarte ekintzara.
Krisiak eta interes tasa txikiek beherantz bultzatzen dituzte bankuaren marjinak: iaztik %19,9 txikitu da interesek eman diotena eta %9, berriz, margin gordina. Horri aurre egin ahal izan dio bere administrazio gastuak %6,2 jaitsita, eta bezeroak bereganatuta: bezeroen baliabideak %2,8 hazi dira, ageriko kontuei (%3,6), pentsio planei (%11) eta inbertsio funtsei esker (%24,7).
Berankortasuna, gora
Kapitala handitzeaz gain, mailegu kaskarrek eragin ditzaketen zuloak estaltzen jarraitzen du bankuak. Bigarren hiruhilekoan 259,7 milioi ziren, eta 391 milioi orain. Diru horrekin Espainiako Bankuak egin dituen zuzkidura eskaera berriak estali dituela dio bankuak, baita birfinantzatutako maileguei buruzko irizpide berriak ere. «Beste hitzetan, atal honetan egin ahal izan diren zuzkidurek ez dute bankuaren emaitzetan eragin ezkorrik izango».
Zalantzazko aktiboen %64,5 estali ditu bankuak. Duela hiru hilabete baino pixka bat gutxiago da hori, ziur aski zalantzazko aktiboen kopurua handitu egin zaiolako ekainetik hona. Berandu edo gaizki itzultzen dizkioten maileguen kopurua handitzen jarraitzen du: %10,88 dira orain (%10,21 ekainera arte). CajaSurren mailegu kaskar ugariek bizpahiru puntu handitzen dute berankortasun tasa hori.