Joan den asteartean hil zen J. C. R., biriketako minbiziak jota. Asviamie EAEko amiantoaren biktimen elkarteak jakinarazi duenez, 69 urteko gizonezkoa mantenu lanetan aritu zen Hernaniko Mendia-Gureola Scott paper fabrikan 1962tik 1989ra. "Tarte horretan amiantoarekin kontaktuan egon zen, baina inork ez zuen ohartarazi horrek zekarren arriskuaz". 1989an, laneko dermatosi baten ondorioz, lanpostua aldatu behar izan zuen eta lau urte geroago kaleratu egin zuten.
Joan den udan noduluak aurkitu zizkioten biriketan, eta "sindikatuen aholkularitzari esker" ezintasun osoa onartu zioten. Urte hasi zenetik Asviamieko 11 kide hil dira amiantoak eragindako gaitzen ondorioz. "Nahikoa dela esateko garaia heldu da. Instituzioen isiltasunak bukatu egin behar du, batez ere Jaurlaritzako osasun arduradunena", salatu du elkarteak.