Etziko Hego Euskal Herriko greba orokorrak babes zabala lortu du enpresetan: ostiralera arte 700 langile batzordek bat egin dute deialdiarekin, ELAren, LABen, EHNEren eta Hiruren datuen arabera. Industriako, zerbitzuetako eta administrazio publikoetako enpresa batzordeak dira. Horien artean daude Aernnova, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak, Bilboko eta Gasteizko udalak, Petronor, Tubos Reunidos, BBK, Bombardier, CAF...
Enpresez gain, gero eta gehiago dira grebarekin bat egin duten gizarte eragileak ere. Atzo, esaterako, greba babestu zuten Aralarrek, mugimendu feministako ordezkariek, Ikasle Abertzaleek, Euskal Aktoreen Batasunak, Elkartzenek eta AHT Gelditu! Elkarlanak. Greba babesteko arrazoiak azalduko dituzte, gaur, elkarrekin, EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak.
Aralar herri galdeketa eske
Aralarrek, grebarekin bat egiteaz gain, pentsio sistemaren erreformari buruzko herri galdeketa egiteko eskatu die EAJri, PSE-EEri eta PPri. Aralarrek salatu du 1985etik bost aldiz aldatu dela pentsioen sistema eta guztietan pentsioak murriztu direla. Gehitu du erreforma zuritzeko arrazoiak gezurra direla.
Eusko Jaurlaritzak iragan ostiralean jakinarazi zituen greba egunerako gutxieneko zerbitzuak. Grebaren deitzaileek esan dute helegitea jarriko dutela gutxieneko zerbitzuen kontra, «greba eskubideari arrazoizko mugak baino estuagoak» ezartzen dizkiotelako: osasun arloan lehen mailako arretan %20 gehiago, garraioan zerbitzuen eta maiztasunen %30... Aurreko grebetan gutxieneko zerbitzuen kontra izan diren epaiak ez betetzea leporatu diote Jaurlaritzari. Ukatu egin du Jaurlaritzak.
700 langile batzordek bat egin dute grebarekin
Sindikatuek helegitea aurkeztuko dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu