Aspaldiko partez ustekabe onak azaldu dira Gipuzkoako Foru Aldundiko kontuetan. 2013ko kontuen itxiera onartzean, Martin Garitanoren gobernuak jakinarazi du iaz gastatu ez zituen 8,3 milioi euro gehiago dituela. Horri beste 58,1 milioi euro gehitu behar zaizkio, menpekotasun legearen finantzaketarako Espainiako Estatuak 2011an eta 2012an eman beharrekoa, eta kupoan dauden desadostasunak direla-eta 2013 arte iritsi ez zirenak. Laburbilduta, aurten uste zuena baino 66,5 milioi gehiago izango dituela gastatzeko, bere aurrekontuaren hamarren bat gutxi gora behera.
Larraitz Ugarte bozeramaileak Gipuzkoako foru gobernuaren «kudeaketa zuhurrari» egotzi dio superabita, eta ukatu egin du dirua espreski ez gastatuta lortu dutela, aurrekontua «ia osorik» bete dutelako.
Diruaren zati bat —18 milioi euro— zorra kentzeko erabiliko du Gipuzkoak. Zehazki, Eusko Jaurlaritzarekin eta beste bi aldundiekin enplegua sustatzeko hitzartutako neurriak finantzatzeko iaz egindako zorpetze gehigarria ezabatzeko. Horrela, Garitanoren gobernuak agindutakoa bete ahal izango duela dio, hau da, legegintzaldiaren hasieran jasotako zorrarekin (563 milioi euro) bukatuko duela bere agintaldia.
Gainerakoa egiteko bidean dauden zenbait lan bizkortzeko erabiliko du. «Gaur egungo testuingurua ikusita, lurraldean inbertituko dugu diru hori, Gipuzkoako ekonomia eta enplegua sustatzeko», azaldu du Ugartek.