Udako atsedenaren ondotik ez zen jakina zer erantzun izanen zuen lan legearen kontrako mobilizazio egunak; kopuru apalak espero ziren, motibazio gutxi. 950 pertsona inguru elkartu dira, azkenean, Baionako Lan Burtsatik suprefeturara egin duten manifestazioan. “Motibazio apala sentitzen genuen, baina, azkenean, jende anitz batu da. Segitu behar dugu, eta gogoeta abiatu, zer borroka molde garatu behar ditugun lan legearen kontra”, adierazi du Danielle Mesple Jusqu’au Retrait kolektiboko kideak. Ipar Euskal Herrian sortu zen kolektibo horrek Frantziara begira segitzen du: “Maleruski, bakarrik ezin dugu ezer egin. Gaurko egunaren bilana ikusi beharko da Frantzia mailan borrokak zer norabide hartzen duen ikusteko. FOk dio azken mobiliazioa zuela, CGT errekurtso juridikoak lantzen ari da... Badirudi hauteskunde aitzineko garai honetan jendea zer gertatuko den esperoan dela”.
Suprefeturara iritsita, Carl Andre CGTko idazkari nagusiak hartu du hitza Baionako intersindikalaren izenean. Hauteskunde kutsuko hitzartzean, lan legeaz gain egoera sozial orokorrari egin dio aipamena, Frantziako Gobernuaren jarrera salatuta. “Lan legea borrokatu behar dugu, baina ez da aski. Dirua bada, baina ez poltsa honetan; aurten, 28.000 milioi euro banatu dituzte akziodunen artean. Lan sariak, erretretak, laguntza sozialak… geldirik dira, erosahalmena behera doa. Ikasleen erdiek lan egin behar dute ikasketak ordaintzeko. Eta jadanik ikus dezakegu Frantziako Gobernuaren neurriek ez dutela eraginik. Macron legeak hazkundea emendatu behar zuen, eta ez da hala izan. Lan legearen kontrako borroka bururaino eraman behar dugu. Orain, enpresaz enpresa segitzea dagokigu”.
“Gaurko manifestazioa ekainean hartutako hitza betetzeko da, baina sindikatu anitzentzat ohorezko desfile bat besterik ez da”, Eñaut Aramendi LABeko ordezkariaren hitzetan. Philippe Martinez CGTko Frantziako idazkari nagusiak izadako hitzak deitoratu ditu. “Enpresaz enpresa borrokatzeko ordua dela dio, baina hori lan legearen logika onartzea da”. Lan legearen 2. artikuluak hitzarmen kolektiboak enpresaz enpresa negoziatzea dakar, hain zuzen ere. Hori da kalapita gehien sortu duen neurria. Aramendiren hitzetan, “alternatibak” sortu behar dira “modu kolektiboan eta interprofesionalean”.
Bestalde, Ipar Euskal Herriko hauteskunde sindikaldetan LAB eta CGT sindikatuak oposatzen dituen auziaren gainetik, gaurko manifestaldian Baionako hospitaleko CGTko kideak LABekoekin ibili dira, Paristik jarritako helegitea salatzeko.