Europako Banku Zentralak ez du uztailerako utzi diru politikaren aldaketa. Gaur Rigan (Letonia) egindako bileran, banku zentraleko kontseiluak erabaki du zorra erosteko programa hiru hilabetez baizik ez luzatzea. Irailera arte zegoen indarrean, eta abenduan bukatuko da. Irailera arte 30.000 milioi erosiko ditu merkatuetan, zor publikoa batik bat, baina baita zor pribatua ere. Urritik abendura, berriz, hilero 15.000 milioi izango dira.
2015. urtean jarri zuen programa hori indarrean, eta orduz gero 2,5 bilioi euroren zorra erosi du. Diru horren eskutik interes tasak jaitsi egin dira familientzat, enpresentzat eta, batez ere, zorra saldu nahi izan duten estatuentzat.
Interes tasetan, ordea, aldaketarik izango oraingoz, eta %0n jarraituko dute, "gutxienez datorren urteko udara arte", Mario Draghi EBZko presidenteak iragarri duenez. Diruaren prezioa igo aurretik, banku zentralak neurtu nahi duelako nolako eragina duen merkatuetan zorra erosteko ezohiko programaren amaierak. AEBetako Erreserba Federalak bere zorra erosteko programa utziko zuela iragarri izanak mugimendu handiak eragin zituen burtsetan eta zorraren merkatuetan, eta kalte egin zien herrialde batzuei.
Draghik azaldu duenez, zorra erosteko ezohiko programari amaiera erabaki dute euroguneko ekonomiak hobera egin duelako, inflazioa EBZren helburura hurbiltzen ari delako eta hazkundea, azkenaldiko pattalaldia gora behera, nahiko sendo ikusten duelako. "Ekonomia ongi dago, baina egia da ziurgabetasuna handitu dela azkenaldian", esan du.
EBZko presidenteak 2019ko azaroan du utziko du bere kargua.