Aberastasunaren «beste banaketa bat» exijituko dute Baionako karriketan

CGT, Solidaires, FSU eta Unsa sindikatuek lanuztera deitu dute astearterako; 10:30ean aterako dira karrikara

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Aberastasunaren «beste banaketa bat» exijitzeko lanuzte eta manifestazio eguna izango dute Ipar Euskal Herriko herritarrek asteartean. CGT, FSU, Solidaires eta UNSA sindikatuek iragarri dute mobilizazioa, «ezin onartuzkoa delako dagoen dirua langileen artean banatu beharrean bankuen eta enpresa handien kutxak betetzeko erabilia izatea». Manifestazioa 10:30ean abiatuko da, Baionako Lan Burtsatik.

Atzo egin zuten prentsaurrekoa, Baionan, Alain Duzert CGTko idazkariak, Isabelle Soule FSUko ordezkariak eta Caroline Sanz UNSA sindikatukoak. Izan soldata apalen politika, enpleguen desagerpenak, prekarietatea, babes sozialaren eta zerbitzu publikoaren gutxitzeak eta langileen eskubideen urraketak ikusirik, argi dute mobilizatzeko «behar gorria» badela. Austeritate politikak azaltzeko egiten den krisiaren erabilpena «erabat gezurra eta arriskutsua» dela azaldu zuen Soulek. Horrez gain, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak sektore pribatuko langileak eta funtzionarioak elkarren lehiakide ezarri nahi izana ere gaitzetsi zuen Sanzek, eta honela gehitu zuen: «Bat ala bestea, guztiak gara zailtasun berean».

LABek, berriz, ez du parte hartuko astearteko protestan, eta ondoko egunetan emanen du zergatien berri.

Erretretadunak, karrikan

Baionako karriketara atera ziren atzo 200 bat erretretadun, erosahalmenaren jaitsiera salatzeko. Horrez gain, adinekoek bizi duten autonomiaren galtzearen kontutan hartzea ekarriko lukeen erreforma bat ere aldarrikatu zioten Frantziako Gobernuari.

Manifestazioaren ondotik, Jean Grenet Baionako auzapez eta diputatuarekin bildu zen delegazio bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.