Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordeak ontzat hartu du Aldundiaren aurtengo proiektu nagusietako bat dena. Batzar Nagusien osoko bilkurak hilabetea bukatu aurretik berretsi beharko du erabakia, baina tramitea izango da, PSEren eta Aralarren botoarekin gehiengo osoa ziurtatuta duelako Bilduren gobernuak. Ondare zerga ordezkatuko duen zerga berria "bidezkoagoa eta berdinzaleagoa da", justifikatu du Rafaela Romero PSEko batzarkideen bozeramaileak. Romerok ukatu egin du jarduera ekonomikoari kalte egingo diola, pertsonek ordainduko baitute, eta ez enpresek.
Helena Franco Ogasun diputatuak nabarmendu duenez, berritasun nagusia da zerga-muga edo ezkutu-fiskala desagertu egingo dela. Hau da, pertsona batek aitortutako errentaren %60 baino gehiago pagatu ahal izango duela. Zerga-mugaren bitartez "aberatsenen artean aberatsenek" beren ondarearen truke ez pagatzea lortzen zutela ziurtatu du Francok. Diputatuak justifikatu egin du jarduera ekonomikoen emaitzak eta enpresen parte hartzeak ere zergapetzea, baina nabarmendu du %75eko hobaria izango dutela, jarduerari berari kalterik ez egiteko. Halako irabazien gainean zegoen "opakotasuna" azalarazi nahi dutela horrela. Aberastasunaren gaineko zerga 700.000 eurotik gorako ondarea dutenek pagatuko dute, baina lehen etxebizitzaren lehen 300.000 euroak salbuetsita daude.
Zerga berriaren gustura azaldu da Rebeka Ubera Aralarko batzarkidea: "Poztekoa da foru arau honek lagundu duela progresibotasunaren inguruko eztabaidan sakontzera, inguruko herrialdeetan ere bai. Orain arte ‘gehien duenak gehien ordaintzea’ demagogia zen, baina orain, antza hala izateari utzi dio".
Itziar Agirre EAJko batzarkideak salatu du zerga berriak ekonomiari kalte egingo diola. "Bilduk eta PSEk gauza bakarra lortuko dute: enpresak deskapitalizatu eta, ondorioz, ekonomia sustatzearen kontrako efektua". EAJk gogorarazi duenez, Gipuzkoako hamar enpresetatik bederatzi ertainak edo txikiak dira, eta hortaz norberaren ondarea eta ekonomia-jarduera oso lotuta daude. Gainera, Agirrek ziurtatu du herritar batzuek enpresen akzioak saldu beharko dituztela zerga berria ordaindu ahal izateko.
Atzoko bileran ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun Batzordeak ontzat hartu zuen arrisku handiko zergadunen erregistroa sortzea. Hor izango dira zerga iruzurragatik zigortuta edo auzibidean daudenak. Horien gaineko kontrol handiagoa egingo du Ogasunak. Herritarrek galdetu ahal izango dute zerrenda horretan dauden ala ez, eta Aldundiak ohartaraziko die zerrendatik ateratzen direnean. Ez, ordea, zerrendan sartzen dituztenean, horrek eraginkortasuna gutxituko duelakoan. Bildu, PSE eta Aralar arau horren alde azaldu dira, EAJ abstenitu egin da eta aurkako botoa eman du PPk.