Portugalgo Gobernuak neurritasun programa gogorra iragarri du, maiatzean Europako Batasunarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) hitzartu zituen baldintzak bete ahal izateko. Bost urtean defizita %0,5era jaisteko helburua ezarri du gobernuak, eta, horretarako, gastu publikoari mozketa nabarmena egingo dio: BPGaren %50,6tik %43,5era. Zazpi puntuko alde hori 12.600 milioi euro dira, iazko barne produktua aintzat hartuta.
Victor Gaspar Finantza ministroak ziurtatu du EBk eta NDFk eskatu zizkioten konpromisoetatik «haratago» doazen neurriak prestatu dituztela, eta egingo den ahaleginak ez duela parekorik Portugalgo historia garaikidean.
Datozen lau urteetara begirako koadro makroekonomikoa gaurkotu du Portugalek. 2010. urtea %9,1eko defizitarekin itxi ondoren, kopuru hori 2013an %3ra jaitsi nahi du, eta murrizketa ez da hor geratuko: 2014an %1,8ra eta 2015ean %0,5era eraman nahi du.
Finantza Ministerioak egin dituen kalkuluen arabera, zor publikoaren pisua handituko da datozen bi urteetan, barne produktu gordinaren%106,8 izan arte. Gero, 2015. urtea amaitzen denerako sei puntu jaitsiko litzateke. Murrizketa plan gogorra indarrean jarriko bada ere, 2013. urterako hazkunde tasa positiboa espero du: %1,2, hain zuzen ere. Hori bai, 2011 eta 2012 bitartean ekonomiak %4 egingo du atzera.
Zergak gora
Portugalgo Gobernuak joan den ekainean hartu zuen kargua. Zentro-eskuinaren eta kontserbadoreen arteko koalizioari dagokio aurreko gobernu sozialdemokratak 78.000 milioi euroko erreskatearen truke negoziatu zituen baldintzak bururaino eramatea.
Gastu publikoa jaitsita, murrizketaren bi heren ordaindu nahi ditu Pedro Passos Coelho lehen ministroak. Gainerako tartea diru sarrerak handituz estaltzea espero dute. Puntu horretan aberatsei eta enpresa handiei zergak handitzea erabaki dute. Hain zuzen ere, 153.000 eurotik gora irabazten duten zergapekoei %2,5 gehiago ezarriko zaie tasan. Horren haritik, 1,5 milioi euro baino gehiago aitortzen dituzten enpresei %3 gehituko zaie.
Haatik, faktura gordinena beste poltsiko batzuetatik aterako da. Soldata publikoak ez dira haziko gutxienez 2013 urtea igaro arte, aurten %5eko murrizketa jasan eta gero. Pentsioak ere bi urtez izoztuko dira. Enplegu publikoari artaziak sartuko dizkio Portugalek. Funtzionario kopurua %2 murriztuko du urtero, 10.000 lagun inguru urte bakoitzeko. Armadako langileak %10 gutxituko dira, halaber. Enpresa publikoetatik %20 kendu nahi ditu.
Aldez aurretik iragarritako neurri batzuetan sakontzen du planak. Hala, langabezia saria asko jota hamazortzi hilabetez kobratu ahalko da. Langabezia tasa heldu den urtean %13,2ra igotzea espero du.
Euroko funtsa, aurrera
Zorraren krisia egonkortzeko asmoz Europako Batasunak joan den uztailaren 21ean adostu zituen neurriak onartzen hasi dira herrialde batzuetan. Alemanian, Angela Merkelen gobernuak atzo onartu zuen neurria, CDUko alderdikide batzuek kritikatu duten arren. Erreskate funtsean proposatu diren aldaketak legebiltzarrean aurrera ateratzeko konfiantza dute alderdi kristau-demokrateko agintariek.
Belgikako gobernuak urrats bera egin zuen atzo. Eslovakiak, berriz, iragarri du ez duela blokeatuko Greziaren bigarren erreskatea, baina «bermeak» eskatu ditu, Finlandiak egin duen gisara.
Aberatsak zergapetuz eta funtzionarioak kenduz txikituko du defizita Lisboak
Bost urtean gastu publikoa BPGaren zazpi puntu gutxitu nahi du Lisboak, EBk eta NDFk eskatutakoaren gainetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu