Aberatsek gutxiago ordaintzen jarraituko dute AEBetan
Errepublikanoek zerga murrizketak guztiei aplikatzera behartu dute Barack Obama presidenteaJ. G.
Barack Obamak ezingo du bete hauteskunde kanpainan agindutakoa: zerga murrizketak kenduko zizkiela aberatsenei. Demokratek indarra galdu dute Kongresuan eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea errepublikanoekin negoziatzera behartuta dago. Ondorioak nabaritu ditu: George Bushek onartutako zerga murrizketek bi urtez indarrean jarraituko dute, baina guztientzat, baita urtean 250.000 dolar baino gehiago irabazten dutenentzat ere. Obamak erdiko klasekoentzat bakarrik nahi zituen.
Bushen garaiko zergen jaitsiera urte amaieran bukatuko da. Demokraten eta errepublikanoen arteko negoziazioak gogorrak izan dira, baina azaroan errepublikanoek Ordezkarien Ganberaren kontrola hartu dutenetik baldintzak ezartzeko indarra irabazi dute. Kasu honetan murrizketak guztiei aplikatu ezean inori ez aplikatzeko mehatxua egin dute, eta Obamak amore eman du.
Haren esanetan, zerga jaitsiera horiek bertan behera geratuz gero, familiek batez beste 3.000 euro gehiago ordainduko lituzkete zergetan urtero. Milioi bat lanpostu.
«Akordioa ez da perfektua», nabarmendu zuen Obamak. «Baina ezin dugu utzi Washintongo borroka politikoek herritarrak kaltetzea». Izan ere, demokrata asko akordioaren kontra daude, aberatsenei murrizketak kendu nahi dizkietelako. Beraz, Obamak demokratak ere konbentzitu beharko ditu.
Baina akordioa zabalagoa da, epe luzerako langabeei saria 13 hilabetera luzatzea eta Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioak txikitzea ere onartu baitute. Eta zergena onartzen ez bada, langabezia sariarena ere ez. Gaur egun langabezia tasa %9,8koa da AEBetan.