Hiru urteko geldialdiaren ondoren, abiada biziagoa hartzen ari dira Europako Batasuneko ekonomiaren bi motor nagusiak, Alemania eta Frantzia. Urteko bigarren hiruhilekoan %0,8 hazi zen Frantziako Barne Produktu Gordina; %0,5, berriz, Alemaniakoa.
Pozaren pozez hartu zuen berria Nicolas Sarkozy Frantziako Finantza ministroak, bere iritziz, datu horrek erakusten baitu Frantzia «Europaren hazkuntzaren tropelburuan» dagoela. Berri onen behar gorrian dagoengobernuaren lanari egotzi zion ekonomiaren hazkuntza: «Fruituak eman ditu erosteko ahalmena eta kontsumoa bultzatzeko Gobernuak abiatutako politika ekonomikoak. Konfiantza emateko politikak, gure kontu publikoak sendatu eta ekonomia modernizatzeko politikak, jarraitu egin behar du. Langabezia eta bazterketa epe luzera txikitzeko baldintza da», ziurtatu zuen Sarkozyk, bere oporraldian zegoela. Hazkuntzaren sendotasuna garaipen politikoa da ministroarentzat, Jacques Chirac Errepublikako presidentearekin duen lehian indarra ematen baitio. Lau hilabete baizik ez ditu egin Sarkozyk Bercyn. Aurreko hiruhilekoan bezalaxe, herritarren kontsumoa izan da Frantziako ekonomiari tira egin diona, baina aspaldiko partez, inbertsioak ere lagundu du. Urtarriletik martxora ere %0,8 hazi zen Frantziako ekonomia. Horrek esan nahi du %3,2ko erritmoan hazi dela, AEBetakoa baino hobeto %3. Edonola ere, Parisko gobernuak zuhur jokatu du eta %2,5eko hazkuntza iragarri du urtea amaitu bitartean.Datu hori baieztatuko balitz, defizit publiko dela medio Bruselarekin duen tirabiran arnasa hartu ahal izango luke Jean Pierre Raffarinen gobernuak. Izan ere, 2004rako aurrekontuetan %1,7ko hazkuntza kalkulatu zuenez, kopuru horretatik gorako hazkuntzak nabarmen igoko lituzke Estatuaren diru sarrerak eta, era berean, defizit publiko handia gutxitu.
Alemania pattalago,baina hobetzen
Rhin ibaiaren beste aldean, Alemanian, datu ona zabaldu zuen Estatistika Bulego Federalak: BPG %0,5 hazi da apiriletik ekainera. 2004ko lehen hiruhilekoan %0,4 hazi zenez, azken urtean %2ko erritmoan bizkortu da Alemaniako ekonomia. Frantzian ez bezala kontsumoa oso apala denez, Alemaniak bere industrien esportazioari zor dio hazkuntza.
Alemaniako industriaren sendotasuna agerian utzi zuten atzo zabaldutako datu batzuek. Esaterako, Deutsche Telekom telekomunikazio talde handienak 955 milioi euro irabazi ditu urteko lehen erdian, iazko epe berdinean baina hiru eta erdi aldiz gehiago. Lufthansak, berriz, atzean utzi ditu galerak: 2004aren lehen erdian 39 milioi euro irabazi zituen, eta iazkotarte berean 392 milioi galdu.Berri onak altzairugintzan ere. ThyssenKrupp-ek iaz baino %50 gehiago irabazi du lehen sei hilekoan: 640 milioi euro. E.ON argindar konpainiak 2.815 milioi euroko mozkinak iragarri zituen.
Abiada hartzen ari dira Frantzia eta Alemania
BPG %0,8 hazi da Frantzian urteko bigarren hiruhilekoan; horrela jarraituz gero, %3tik gora haziko da urte amaieran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu