Industria

Abiatu da Makina-erremintaren Biurtekoa

Ostiralera arte, 40.000tik gora bisitarik bertatik bertara ezagutuko dute sektoreak eskaintzen duen onena, Barakaldoko BECen.

Makina-erramintaren Biurtekoaren inaugurazio goiza. IREKIA
xabier martin
2018ko maiatzaren 28a
07:13
Entzun

Gaurtik hasita eta ostiralera arte makinez eta makinei buruz jakintza edo jakin-mina duen jendez beteta egongo da BEC erakustazoka, Barakaldon (Bizkaia). Makina-erremintaren 30. Biurtekoan 1.751 enpresak eman dute izena, eta 1.200 makina izango dituzte erakusgai. Horiek ikusteko eta interesa izatekotan, makinak erosteko tratuak egiteko 40.000 profesional espero dituzte euskal industriaren azoka garrantzitsuenean. Antolatzaileek esan dutenez, 300 makina berri izango dira.

BECen stand-ak izango dituzte Euskal Herriko makina-erremintako aktore nagusiek, hala nola DanobatGroupek, Fagor Arrasatek, Fagor Automationek, EtxeTar Groupek, Ibarmia, Zayerrek eta beste hainbatek. Baina atzerriko konpainiak ere izango dira, eta erakustazokaren erdia inguru beteko dute. Makina-erremintaren sektorea da euskal industria gehien hauspotzen duten sektoreetako bat. Ia %13 hazi zen 2017an, 1.690 milioi euroren salmentak iritsita. Halaber, esportazioek beren markarik onena ondu zuten, %4,10 hazi eta gero. 1.233,37 milioi euroren salmentak egin ziren atzerrian, sektoreko enpresen nazioartekotze maila handia garbi utzita.

Biurtekoaren antolatzaile AFM klusterreko zuzendari Xabier Ortuetak esan du azoka «ikusgarria» izango dela aurten, digitalizazioak dena bustiko duela, eta erakutsiko diren ekoizpenerako sistemak «punta-puntakoak» izango direla. Eta enpresentzat garrantzitsuena: inbertsioa egiteko beharra duten erosle anitz joango direla BECera. Biurtekoak beste azoka txiki batzuk izango ditu barruan egunotan, esaterako BeDIGITAL, teknologia digitalaren esparrua, eta ADDIT3D, fabrikazio aditiboari eta 3D ekoizpenari buruzko lehen azoka. WORKinn azoka, berriz, enpresek dituzten kontratazio beharrei begira egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.