Eurostaten arabera, Irailean 22,63 milioi lagun zeuden lanik gabe Europako Batasunean, horietatik 17,32 milioi euroa erabiltzen duten hemeretzi estatuetan. Abuztuan baino 147.000 langabe gutxiago dira, eta horri esker langabezia tasak hamarren bat egin du behera, %10,8raino eurogunean eta %9,3raino EB osoan. Tasarik txikienak dira 2012ko urtarrilaz geroztik.
Batez ere azken urtean jaitsi da gehien langabezia, EBko ekonomiak hazkunde tasa bizkortu ahala. Iazko irailean, esaterako, 24,46 milioi lagun zeuden lanik gabe EBn (%10,1), orain baino 1,83 milioi gehiago. Batasuneko 28 kideetatik 24tan jaitsi da langabezia tasa, batez ere Espainian (%24tik %21,6ra), eta Estonian (%8tik %5,7ra). Lau kasutan soilik igo da, haien artean Frantzia (%10,4tik %10,7ra). Austrian ez da aldaketarik izan.
Estatu batetik besterako aldeak oso handiak dira. Langabezia tasa txikiena dute Alemaniak (%4,5) eta Txekiar Errepublikak (%4,8). Handiena, berriz, Greziak (%25, uztailean) eta Espainiak (%21,6).