Pello Gibelalde Adegiko presidenteak ez du iragarpenetan sartu nahi, ez dio datarik jarri nahi ekonomiaren berpizteari. Baina argi dauka zer egin behar den motorra berrriro martxan jartzeko: “Atzeralditik lehenago ateratzea gure esku dago. Ez da ez Europako Batasunaren ez Nazioarteko Diru Funtsaren erantzukizuna, gurea baizik. Gakoa enpresa lehiakorragoak izatea da; horretarako, produktibitatea handitu behar dugu, eta ez ditugu lan kostuak igo behar”.
Izan ere, Gibelalderen arabera bere belaunaldiak sortutako enpresek sortu duten enpleguak Espainiako Estatuko soldatarik handienak ditu, eta lanordurik txikienak. Izan ere, Adegiren arabera EAEko lan kostuak estatuko batez bestekoa baio %18 handiagoak dira. “Gipuzkoan, gainera, handiagoa da diferentzia, esaterako metalaren sektorean: ia %30 handiagoa”. Industria sektorean ordu gutxiegi lan egiten dela ere nabarmendu du patronalak. EAEn estatuan baino 77 ordu gutxiago lan egiten dutela azaldu du, eta Katalunian baino ehun ordu gutxiago. “Gainera, gure lehiakide zuzenak diren Alemaniako Baviera eskualdeko enpresa garrantzitsuenek baino 170 ordu gutxiago lan egiten dugu”. Lehiakorrago izateko Adegiren errezeta, beraz, hauxe da: “Lan gehiago eta hobeto egitea, eta soldatarik ez igotzea”.
Gipuzkoako testuinguru ekonomiko beltza deskribatzeko, hainbat datu eman ditu Adegik. Industriaren ekoizpen mailak 34 puntu egin du behera azken sei urteetan, eta duela hamalau urteko mailan dago. Esportazioek, berriz, %7,5 egin dute atzera uztailera bitartean. Gipuzkoako barne produktu gordina orain sei urteko mailan dago, eta lurraldean 48.000 pertsona daude langabezian. Badira, halere, datu baikorragoak, ahulak izan arren. Barne salmenten beherakadaren erritmoa txikiagoa da. Kanpoko salmentek, bestalde, %1,8 egin dute gora, salmenta horien erritmoaren abiadura moteltzen badoa ere. Ekoizpen ahalmenaren erabilerak, halaber, lau puntu egin du gora, oso baxuak ziren mailatik abiatuz, eta eskerak %0,3 baino ez dira hazi. Horregatik, enpresen %58k eskari maila ahula dutela dio.
Aurreikuspenik txarrenak enpleguaren inguruan egin ditu patronalak. “Ez du hobera egingo epe labur eta ertainean”. Aitzitik, enpresen %70ek enplegu mailari eusteko asmoa dute datozen sei hilabeteetan, eta enpresen %22k lanpostuak suntsituko dituzte. “Ekonomiaren susperraldia, gertatzen denean, ahula eta geldoa izango da”, aitortu du Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusiak.
Zerga sistema
EAJk eta PSE-EEk sinatutako itun fiskala “begi onez” ikusten du Gibelaldek, nahiz eta aitortu ez dela hori Adegik egingo lukeen erreforma. Sozietateen gaineko zerga sistema ekonomia eta enpresen jarduera suspertzeko tresna dela berretsi du, eta “presio fiskala igotzeak enpresen jardueran eta ekimen egarrian sor ditzakeen arriskuak” saihestu beharra azpimarratu du.
Nolanahi ere, akordioa baikorra dela uste du Adegik, eta akordioak egitearen garrantzia nabarmendu du, akordio eredua hedatu nahi baitu enpresetara. “Lan harreman eredu berri baten alde ari gara lanean enpresekin, akordioan oinarritutakoa eta enpresen lehiakortasuna areagotzea helburu duena”. Horretarako, hainbat gomendio egin dizkiete enpresariei: “gardentasuna eta barne komunikazioa lantzea eta pertsonen parte hartzea indartzea kudeaketan, mozkinetan eta baita kapitalean ere”. Hori guztia, jakina, enpresa bakoitzaren egoera eta erritmoak kontuan hartuta.
Baina itunak egitea ez dela erraza aitortu du Gibelaldek, langileen eta enpresarien arteko harremana, sindikatuen eta patronalaren artekoa, “gaiztotuta” dagoelako. “Giro gaiztoak, tamalez, enpresarien artean sekulako etsipena eragin du —azaldu du Aierzak—, eta hori oso arriskutsua da, enpresa sare indartsua eta zabala ez duten gizarteek ez dutelako aurrera egiten”. Europako enpresetan akordio bidez funtzionatzeko duten ohitura Euskal Herrira ekarri behar dela eskatu du Gibelaldek, eta horretarako bi aldeek bazter batera laga behar dituztela aurreiritziak.
Udaz geroztik iraungita eta bertan behera dauden lan hitzarmen kolektiboen inguruan, Aierzak adierazi du ez dela gertatu sindikatuek iragarritako deskalabrurik. “Uztailaren 7az geroztik, EAEko langileen %97k soldatak eta jarduerak mantendu dituzte. Horrek erakusten du euskal enpresariak arduraz ari direla jokatzen, beti bezala”.