Koiuntura ekonomikoa

Adegik aurten 5.000 eta 6.000 postu artean sortzea aurreikusten du

Gipuzkoako ekonomia %2,3 haziko dela dio.

Miren Garate.
2015eko otsailaren 5a
13:13
Entzun

Gipuzkoako enpresen %72k uste dute merkatuaren egoera ohikoa edo susperraldi girokoa dela; eskaerek %3,2ko gorakada izan dute, eta hamarretik zortzik baino gehiagok iazko kopuruari eustea edo handitzea lortu dute; ekoizpen gaitasunaren %81,5ean ari dira lantegiak, 2008ko irailetik izandako mailarik handienean. Faktore horiek kontuan hartuta, baikortasunez ekin diote urteari herrialdeko enpresek. Iaz halako bi lanpostu sortzeko gai izango direla diote, 5.000 eta 6.000 artean.

"Aurtengo ingurune ekonomikoa oso ona da, eta nazioarteko eskaera sendoa lagun izango bagenu, primerakoa", adierazi du Jose Miguel Aiertza Adegiko idazkari nagusiak. Adierazi du euroak izandako balio galerari eta petrolio merkeari esker esportazioak gehitu behar liratekeela. Halaber, barne eskaerak handitzeko arrazoiak ere badaudela uste du: enplegua sortu izana eta soldata igoerak inflazioaren gainetik egotea, kasurako.

Hala, patronalak uste du Gipuzkoako barne produktu gordina gutxienez %2,3 handituko dela. Kanpoko eskaeren ekarpena 0,5 puntukoa izango da, eta barnekoena, 1,8 puntukoa.

Enpresen kezka nagusia Espainiako merkatuaren ahultasuna da, eta bigarren postuan "lan kostu altuak" daude. Hamar enpresatik bakarrari sortzen dio kezka giro sindikalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.