Ekonomiaren bilakaera okerragoari buruzko kezkak handiak diren arren, datu errealak hobetzen ari direla uste du Gipuzkoako patronalak. Maiatzean iragarri zuen aurten lurraldeko barne produktu gordina %2,5 haziko zela, datu hori hiru hamarren igo du orain, %2,5era arte. Eustatek joan den astean iragarritakoaren arabera, urteko bigarren hiruhilekoan %3ko erritmoan ari zen hazten.
Hobekuntza horrek ez du ondorio handirik izango enpleguan. Aurten 5.500 enplegu garbi sortuko zirela iragarri zuen maiatzean, eta kopuru horri eutsi dio patronalak. Horren eskutik langabezia %10etik behera jaitsi daitekeela espero du Adegik.
Pello Gibelalde Adegiko presidenteak eta José Miguel Aiertza idazkari nagusiak gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako enpresen artean aldian behin egiten duten inkesta. Emaitzak "benetan positiboak" direla azaldu dute.
Merkatua suspertze egoeran dagola uste duten enpresak 3,5 puntu hazi dira, eta dagoeneko %42,5 dira. Merkatua "normal" ikusten dutenak, berriz, %48 dira (0,5 gehiago maiatzetik).
Atzeraldia ikusten dutenak lau puntu jaitsi dira, %9,5era arte. Adegiren inkestan inoiz izandako kopururik txikiena da hori.
Egoerak, gainera, ez du okerrera egiteko itxurarik. Hurrengo hilabeteetan egoera normala izango dela uste dute gehienek.
Salmentak, %2,1 gora
Konfiantza giroa nahiko handia den arren, salmentetan ez dago igoera ikusgarririk. Aurreko hiruhilekoan baino %2,1 gehiago saldu dute Gipuzkoako enpresek: %2,2 gehiago industrian, %3,6 eraikuntzan eta %0,9 zerbitzuetan. Esportazioek bilakaera hobea dute (%3) Hego Euskal Herrian eta Espainian egindako fakturazioak baino (+%0,9). Enpresen %82,5ek fakturazioari eutsi diote edo handitzea lortu dute; %17,5k, berriz, jaitsi egin dute.
Aurrera begira baikor izateko faktoreetako bat eskarien bilakaera da, berriro bizkortu egin baita (+%4). Arlo horretan ere industriak bilakaera hobea du, %4 hazi baitzaizkio eskaerak.