Aurrerapenik gabe bukatu dute Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenari buruzko hamargarren bilera. Eta patronalaren eta sindikatuen arteko giroa gaiztotzen hasia da, elkarri egozten baitiote negoziazioak aurrera ez egitearen errua. Sindikatuek proposamen berririk egin gabe eta metaleko mahaia Diputatuen Kongresu bihurtzeko ahaleginetan jarraitzen badute negoziazioak blokeatutzat joko dituela ohartarazi du Adegik. «Indarrean dagoen legedia aldatzeko organo bihurtu nahi dute metaleko mahaia, eta kale itsu batera daramate negoziazioa».
ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk oso bestelako ustea dute. Ohar banatan jakinarazi dute beren proposamenak eginak dituztela eta proposamen horien helburua Gipuzkoako metaleko hitzarmena lan erreformaren eraginetik babestea dela. Patronalak, baina, argi utzi du inolaz ere ez duela arriskuan jarriko enpresen lehiakortasuna hitzarmenaren negoziazioan haien antolaketa gaitasuna mugatzea onartuta. «Horren kontrako proposamen orok erakusten du sindikatuak zein urrun bizi diren enpresen eta langileen errealitatetik».
ELAren ustez, sindikatuek proposamenik aurkeztu ez dutela esatea ez negoziatzeko aitzakia bat baino ez da. Jakinarazi du berak zazpigarren bileran aurkeztu zuela berea, eta oraindik patronalaren erantzunaren zain jarraitzen duela. Gogorarazi du bere proposamenak Gipuzkoako metaleko ituna lan erreformaren eraginetik babesteko gutxieneko baldintzak jasotzen dituela.LABek atzo aurkeztu zuen berea, ELArenaren helburu bera duen proposamena, «legez egingarria delako».
CCOOk, berriz, CEOEko jarrerarik muturrekoenekin bat egin eta metaleko hitzarmena desagerrarazi nahi izatea leporatu dio patronalari.
UGTk argitu du, funtsean, negoziazioak abiatu zituztenean egin zuen proposamen bera defendatzen jarraitzen duela, baina orain ituna blindatzeko puntu gehigarri bat erantsi diola.
50.000 langileri eragiten die Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenak.
Adegik dio metaleko negoziazioak blokeatzeko bidean direla
Sindikatuek negoziazio mahaia indarrean den legedia aldarazteko organo gisa darabiltela salatu du patronalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu