Adegik itunak negoziatzen lagunduko die enpresei

Zerbitzu bat sortu du, estrategia diseinatzeko, negoziazioetan parte hartzeko eta gatazka kasuetan babesteko

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Enpresaburuek nahi badute, Adegi arduratuko da enpresetako lan hitzarmenen negoziazioaz, «zuzenean» eta «enpresan bertan». Espainiako lan erreformak lehentasuna eman die enpresetako lan itunei, gainerako itun guztien gainetik, funtsezko hainbat gaitan: oinarrizko soldata, osagarriak, aparteko orduen ordaina, lanaldiaren ordutegia eta banaketa... Adegik tresna bat sortu du enpresei negoziazio horietan laguntzeko: Hitzarmena.

Adegiren esanetan, gero eta enpresa gehiagok eskatzen diote laguntza lan itunak negoziatzeko. Lan erreforma onartu eta gero, kopurua asko handituko dela uste du. 600 enpresak parte hartu dute lan erreformari buruzko Adegiren jardunaldi informatiboetan. Eskaera horri erantzuteko sortu du Hitzarmena zerbitzua.

Hainbat zerbitzu eskainiko dizkie enpresei: negoziaziorako estrategia diseinatzea eta proposamenak zehaztea; negoziazioetan enpresari laguntzea edota baita enpresa ordezkatzea ere; akordiorik lortuko ez balitz, gatazka kudeatzea; eta gatazka auzitegietara iritsiko balitz, abokatuen zerbitzua.

Adegiren iritziz, Hitzarmenaren bidez, negoziazio sistema «koherenteagoa» eta «orekatuagoa» izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.