Adegik nabari du industrian «iraultza isila» gertatzen ari dela

Patronalaren arabera, datu ekonomiko onek galarazi egiten diete politikariei sakonean dauden aldaketez jabetzea

joxerra senar
2005eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Irailera arte, Gipuzkoako ekonomia %3,4ko erritmoan hazten ari zen, eta EAEkoa %3,7an. Ia Estatu Batuen abiadura berean.Hala ere, sakonean «nolabaiteko iraultza isil bat» gertatzen ari dela uste du Adegik. Urtero, oro har, enpleguak sortzen ari dira, baina industrian kontrakoa gertatzen ari da. Eustaten arabera, 2000tik 2005era, batez beste, 6.600 enplegu desagertu dira Gipuzkoan. «Industrian enplegu pila bat jada ez daude, eta hemen industriaren lehiakortasunarekin zer gertatzen ari den ikusteko arazoa dugu», azaldu zuen atzo Jose Maria Ruiz Urtxegi Adegiko idazkari nagusiak.

Esportazioen egiturari erreparatuta, produkzioa lekuz aldatzeko arriskua ikusten du Adegik. Muturreko bi adibide jarri zituen hori azaltzeko. Batetik, Gipuzkoako esportazioen %1,1 (EAEn %4,8) baino ez dira teknologia eduki handikoak. «Ez badugu produktu liderrik esportatzeko, ez digute erosiko», esan zuen Urtxegik. Esparru horretan Txina da jaun eta jabe. Bestetik, esportazioen %13(%9 EAEn) maila teknologiko txikikoak dira. «Funtsean, lanorduak soilik saltzen dira». Adegi kexu da lan kostuak etengabe igotzen ari direlako, eta lehiakideekiko aldea handitzen ari delako, EBra sartu diren herrialdeen ia halako bost. «Oso arriskuhandia dugu %13 hori hortik joateko. Nora? Toki merkeagoetara», azaldu zuen.

Politikarientzako mezua

Adegiko idazkari nagusiareniritziz, iraultza isil hori «pixkanaka-pixkanaka» gertatzen ari da, baina «guztia kutsatzen ari da». Aldiz, ekonomiaren datu onak egoeraz jabetzea galarazten die agintari politikariei, eta onartu zuen arazoak dituztela euren kezken berri emateko. «Komunikazioaren ikuspuntutik, oso gaizki egiten ari gara. Alderdi politikoek ez dute horri buruz entzun nahi».

Urtero legez, Gipuzkoako 160 enpresen artean egoera ekonomikoari buruz egindako inkesta aurkeztu zuen atzo Miramonen Adegik. Enpresek aurtengo jarduera «nahiko grisa» izan dute, nahiz eta aurreko urtekoa baino hobea izan. Datorren urteari begira, industriako enpresek «antzeko egoera» izango dutela aurreikusi zuen patronalak. %1 inguru haziko dela aurreikusten du patronalak.Aurten, lau faktorek baldintzatu dute industriaren jarduera. Batetik, hamar enpresatik zortzik onartu dute lehengai metalikoen kostuen igoerak eragin diela. 2004 hasieratik azarora arte %39 garestitu dira batez beste, nahiz eta kontuan hartu behar den metal bakoitzak bilakaera desberdina izan duela. Bigarrenik, inkestaren arabera, lan kostuen igoera enpresen %58k nabaritu dute. Urtxegiren arabera, enpresek euroaren eremuko lehiakideekin lan kostuetan duten aldea handitzen ari da, «eta iristen da une bat ez dela jasaten». Hirugarrenik, petrolioa urte hasieratik eurotan %39 garestitu da, eta igoera iraunkor hori «osorik irentsi» dutela gaineratu zuen. Laugarrenik, 2003 urteaz geroztik interes tasak ukitu gabe eduki ostean, hilabete honetan Europako Banku Zentralak puntu laurden igo du diruaren prezioa. Baina Adegiren ustez, ez luke igotzen hasi behar, oraindik Euroguneko ekonomia ez dagoelako bere onenean, eta hazkunde ekonomikoa baldintza dezakeelako. Ekonomia gaietatik haratagoko bosgarren arrazoi bat aipatu zuen Jose Martin Etxeberria Adegiko presidenteak. «Xantaiarekin eta atentatuekin ez da bakerik».

«Ez dago makila magikorik»

Urtxegiren arabera, egoera ez da beltza, baina borrokatzen jarraitu beharra dago, eta hor «ez dago makila magikorik». Borrokarako fronte garrantzitsu bat Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza dela azaldu zuen. Horrekin batera, sindikatuek eta enpresaburuek akordiora iristeko erantzukizuna dutela azpimarratu zuen. «Akordioekin dena irabazten dugu. Akordiorik gabe denok galtzen dugu lehenagoedo geroago», esan zuen Etxeberriak.

Aurten Sozietate Zergan enpresei %35 tasa Espainiakoa ezartzeko aukerari buruz, Urtxegik ukatu egin zuen halakorik, epaia oraindik ez delako kaleratu eta ez duelako denborarik emango urtea amaitu baino lehen legea aldatzeko: «Nork dio halakorik? Ez, ez. Foru erregimenean gaude. Batzuek diote %35era joan behar dugula, eta guk diogu %25era joan behar dugula. Europako Batasunean gaude, ala ez? EBko batez bestekoa %25ekoa bada, %25ekoa. Ez dut nahi abantailarik».

Gipuzkoako enpresei inkesta



%53

Adegik egoera ekonomikoari buruzko inkesta egin die 160 enpresari: %53k uste dute egoera txarra edo oso txarra dela;%16k ona edo oso ona. %45ek espero dute 2006a txarra izatea, eta %10ek ona.

Emaitzak: %44k iaz baino emaitza apalagoak izan dituzte, eta %30ek handiagoak. 2006an %21,6k emaitzak handitzea espero dute, eta %39k eustea.Salmentak: %26ren salmentak jaitsi egin dira, eta %44renak handitu. Datorren urtean herenak espero du handitzea, eta %48k salmentei eustea.

Salmenta eta kostuen arteko erlazioa: %68ren negozio marjinak estutu egin dira, %20renak mantendu, eta %12renak hobetu. 2006. urtean, %57k espero dute okertzea eta %29k tarte hori mantentzea.

Zergatiak: Jarduerari kalte egin dioten arrazoien artean %82k lehengaiak aipatu dituzte, %58k soldaten igoera eta %58k salmenta prezioen jaistea.

Langileak: Enpresen %64k uste dute langile kopuru egokia dutela, %7k gutxiegi, eta %24k gehiegi. %28k enplegu kopurua handitu dute, eta %48k eutsi.

Inbertsioak:2006an %25ek handituko dituzte, eta beste %25ek txikitu.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.