Ekonomia

Adegik "zantzu ahulak" ikusten ditu Gipuzkoako ekonomia hobetzeko

Bere lan harremanen eredu berriaren inguruko "gaizki-ulertuak" gezurtatu ditu, eta berretsi du helburua ez dela inori banakako baldintzak ezartzea.

Adegiko ordezkariak. JON URBE, ARP
Jon Fernandez.
2014ko otsailaren 6a
19:17
Entzun

Hobekuntza ekonomikoaren "zantzu ahulak" nabari ditu Adegik Gipuzkoan. "Aurten dauden arriskuak gauzatzen ez badira", lurraldeko barne produktu gordina (BPG) %1 haziko dela iragarri du patronalak. Urtero Gipuzkoako enpresarien artean egindako inkestaren arabera, salmentek gora egin zuten 2013an (fakturazioa %2,5 igo zen), batez ere kanpo sektoreari esker. Eskaerak ere %3,4 igo ziren iaz, eta Gipuzkoako enpresen %81,5ek eskaera mailari eustea lortu zuten.

Enpresarien artean konfiantza "nabarmen" hobetu dela baieztatu du Adegik: konpanien ia %70ek pentsatzen dute merkatua jada ez dagoela atzeraldian. Lan merkatuan ere argi izpiak seinalatu ditu patronalak, eta iragarri du aurtengo azken hiruhilekoan lanpostu sorrera garbia espero duela, enpleguari dagokionez urtea "positiboan" amaitzeko aukerarekin. 

Halere, egoeraren gordina aitortu du Jose Miguel Aiertza Adegiko idakari nagusiak: "Zortzi urte egin dugu atzera, eta denbora asko behar izango dugu urte hauetan galdutakoa berreskurtzeko. Gogorarazi du azken sei urteetan 2.000 enpresatik gora eta 35.000 lanpostu inguru galdu direla Gipuzkoan, BPGa 2006ko mailatik behera jaitsi dela eta industria ekoizpena 35 puntu ingurutan erori dela.

"Gaizki-ulertuak" gezurtartu

Luze eta zabal hitz egin dute Aiertzak eta Pello Gibelalde Adegiko presidenteak urtarrilaren 17an aurkeztu zuten "lan harreman eredu berriak" sortutako erreakzioez eta "gaizki-ulertuez".  "Batzuek txarto ulertu badute, sentitzen dugu", esan du Gibelaldek. Gaizki ulertuak saihesteko, puntuz puntu gezurtatu ditu. "Gezur biribila da enpresa kultura berriaren helburua banakako lan harremanen eredua bultzatzea denik, eta are gutxiago inposatzea. Altuago esan nezake, baina ez argiago".

Aiertzak nabarmendu du gezurra dela, era berean, Adegiren helburua sektoreko negoziazio kolektiboak ezabatzea denik. "Adegiren nortasun ezaugarrietako bat izaten jarraituko du sektoreko negoziazio kolektiboak, orain arte bezala".  Hiru hitzetan laburbildu du Aiertzak zein den enpresa kultura berriaren funtsa: gardentasuna, komunikazioa eta partaidetza. Azpimarratu du, baita ere, lan harremanen kultura berria Gipuzkoako enpresariek "kolektiboki eta alde bakarrez" hartutako erabakia dela, eta gainontzeko eragileen adostasuna lortzea onuragarria balitz ere, ez dutela beharrezkotzat jotzen kontsentsu hori lortzea enpresa kultura berria aplikatzen hasteko, enpresariek euren gain hartutako erronka bat delako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.