Atzo Joseba Agudoren atxiloketaren berri eman zuen RTVEk, itxura denez, gertatu aurretik. Baliteke burtsaren igoera edo jaitsierak ere bertan iragartzen hastea gertatu aurretik. Hori abantaila handia litzateke, bistan denez: herenegun Ibex-35eko(-%1,76) ia edozein akzio saldu eta atzo edo gaur goizean erosi izana, abantaila zatekeen. 35eko tropeletik, 31 akziok izan zituzten galerak atzo. Endesa (+%0,83) eta Edurnezuri (+%0,42) ez ia guztiek balioa galdu zuen. Gertatu aurretik jakitera, merezi zukeen Santander (-%3,44) edota BBVA (-%2,33) saldu izana; bederatzi hilabetean 6.740 milioi irabaztea ez du nahikoa izan burtsako erraldoiak. Sacyr (-%6,66) edota %5na pasa galdu zuten Abengoa, Cintra, Ferrovial eta Telecinco ere dexente argalago zeuden atzo, herenegun baino. AEBetan etxebizitza berrien salmentak jaitsi izanari egotzi zioten analistek jaitsiera; baina txerritxo ehiztariak urduri daudela bistakoa da. RTVEk edozer diola ere.
ING. Hirugarren egunez jarraian ING (-%4,96) aipatu behar. Urria ia osoa 12 euroz goitik eman du akzioak, baina aseguru atala bankutik banatuko dela jakinarazi denetik, amildu egin da banku laranjaren kotizazioa: atzo 8,54 euroan zen Amsterdamen.
Iberdrola. Erresuma Batuan zentral nuklearra egiteko eskubidea lortu du Iberdrola (-%0,48) eta GDF Suezen (-%0,17) kontrolpeko talde batek, 77 milioian. Ingalaterra iparraldeko Sellafielden indar nuklearra garatuko du Renovablesen (-%0,65) jabeak.
Adi RTVEri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu