Kutxen bat-egitea

Administrazio kontseilua lau urterako blindatuta jaioko da Kutxa Bank

Fusioaren ostean sortuko den erakunde berrian %57ko parte hartzea izango du BBK-k, %32koa Kutxak eta %11koa VitalekKutxa bakoitzak kudeatuko du bere gizarte ekintza; irabazien %30 jarriko dituzte hor

Carlos Zapatero Vital kutxako presidentea, Xabier Iturbe Kutxakoa eta Mario Fernandez BBK-koa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Administrazio kontseiluek berretsi egin dute BBK, Kutxa eta Vitaleko presidenteek herenegun adostutakoa, eta euskal kutxen fusioak beste pauso bat eman du. Analistas Financieros Internacionalesek egindakobanaketa baino txikiagoarekin konformatu da BBK: %57ko parte hartzea izango du erakunde berrian, %32koa Kutxak eta %11koa Vitalek.Trukean, erabakiak hartzeko orduan pisu handiagoa izango du. Administrazio kontseiluak ez dira lau urtean aldatuko; beraz, maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzek ez dute eraginik izango. Kutxa Bank izango da bankuaren izena, eta Bilbon edukiko du egoitza nagusia. Pixkanaka-pixkanaka argituz doazeuskal kutxen fusioari buruzko xehetasunak. Era berean, askorik zehaztu gabe daude oraindik beste kontu batzuk.

BBKren malgutasuna

Galbahe berri bat pasa beharra zuen atzo BBK, Kutxa eta Vitalen arteko fusioak. Herenegun hiru kutxetako presidenteek onartu zutena berretsi behar zuten administrazio kontseiluek. Zalantzarik gabe, bakoitzari tokatzen zaion portzentajea izan da eztabaidagai nagusia.

Kutxa Banken jarriko dute hirurek euren negozio guztia, salbuespen batekin: gizarte ekintzako proiektuetan dituzten aktibo, pasibo eta jarduerak. Zaku horretatik bakoitzari zegokiona kalkulatzeko AFIra jo zuten aholku eske. Hark, arlo ekonomikoan soilik zentratuta, honako banaketa hau egin zuen:BBK-k %59,9 eta %64,1 artekoa; Kutxak %26,6 eta %30,3 artekoa; Vitalek %8,7 eta %10,5 artekoa. Arabako PP izan zen kopuruekin haserre agertzen lehena. Esan zuen ez zuela onartuko Vitalek hain zati txikia izatea, eta zalantzan jarri zuen fusioarekiko babesa. Kutxa ere ez zegoen ados, %31 eta %32 arteko parte hartzea eskatzen zuen gutxienez. Tamaina handia hartuko du erakunde berriak, eta portzentajeko puntu bakoitzak diru asko esan nahi du, 800 milioi euro inguru.

Lau urterako blindatuta

Eskuzabal jokatzea erabaki du BBK-k. Ekonomikoki egindako esfortzuari, ordea, aterako dio etekina. Kutxa Banken administrazio kontseiluak hogei kide izango ditu, horietatik hamabi BBK-k izendatuko ditu, sei Kutxak eta bi Vitalek. Ehunekotan, beraz, %60 BBK-k izango du, %30 Kutxak eta %10 Vitalek. Bizkaiko kutxak aukeratuko du presidentea, Gipuzkoakoak presidenteordea eta Arabakoak bigarren presidenteordea. Aurreikusitako egutegia errespetatuz gero, maiatzaren 22ko hauteskundeek ez dute eraginik izango kutxetako batzar nagusietan. Gipuzkoako batzarra, esaterako, dezente aldatuko litzateke, Bilduk lortuko lukeelako gehiengoa. Alderdia bat-egitearen aurka egoteak fusioa oztopa zezakeen. Zalantzak uxatzeko, lau urtean administrazio kontseiluak blindatzea erabaki dute.

Zergak, etxean

Erakunde bakar bat osatu eta Bilbon jartzeak zergetan zer-nolako eragina izango duen zen beste zalantzetako bat. Kutxek ekarpen handia egiten diete Ogasun sailei, eta diputazioak ez daude prest diru horri ihes egiten uzteko. «Neutraltasunez» jokatzea adostu dute, bai behintzat sortu arte. Ordutik aurrera parekidetasuna bermatzeko formula diputazioekin elkarlanean hitzartu beharko dela esan dute.

Gizarte ekintza

Zergak bezala, gizarte ekintza norbere herrialdean mantentzea zen kutxei egindako beste eskaeretako bat. Arlo horretara irabazien %30 bideratzeko konpromisoa hartu dute.Horretarako ere kutxa bakoitzaren portzentajea erabiliko da. Esaterako, irabazien %57 zenbat den ikusiko da, eta kopuru horren %30 gastatuko du BBK-k gizarte ekintzan. Gizarte ekintza kutxa bakoitzak kudeatuko du, bere lurraldean.

Dirua, lehengo lekuan

Itxura batean, bat-egiteak ez die aldaketa handirik ekarriko bezeroei. Kutxa bakoitzak bere marka izaten jarraituko du,eta bulego sarea ere mantendu egingo dute. Bilboko egoitza nagusian kokatuko da ekonomia eta finantza jarduera; Donostiara eramango dutebitarteko eta baliabideen egoitza eta Gasteizen izango du egoitza erakundeen arteko harremanen nahiz arauak betearazteko sailak.

BBK-k ados egon behar

Erabakiak gehiengoz hartuko dira, gutxienez bi kutxa egon beharko dira ados,eta BBK-k izan beharko du horietako bat. Hurrengo hamar urteetan Kutxa Banken jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Bat-egitea gauzatu aurretik norbaitek atzera egitea erabakitzen badu, beste bi erakundeek jarraituko dute aurrera, aurreko porrotak ez errepikatzeko helburuarekin.

Lan baldintzak

BBK, Kutxa eta Vitalen artean sei mila langile inguru dituzte, CajaSurrekoak kontuan hartu gabe. Zuzendaritzek eta sindikatuek oraingoz bi bilera egin dituzte, akordiorik lortu gabe. Azkenengoan, langile batzuk «sobran» geratuko zirela aitortu zuten finantza erakundeek. «Ahal zen heinean» neurri traumatikorik ez zutela hartuko agindu zuten. LABen arabera, kezkatuta daude langileak, CajaSurren kasuan gauza bera esan zuelako BKK-k eta gero 140 kaleratu zituztelako.

Momentuz kalkulatu dute hirukoiztuta dauden zerbitzuetan ehun milioi euro aurreztuko dituztela.

Hazten jarraitu

Fusioa gauzatzen bada ere, ez dira besoak gurutzatuta geratuko. Mario Fernandez BBK-ko presidenteak bederen argi esan du hazten jarraitu behar dutela. Horrek, besteak beste, finantza baliabideak errazago eskuratzen lagunduko luke, baita proiektu handiagoak babesten ere. Hiru aurrezki kutxek bat eginda, 80.000 milioi euro inguru izango lituzke aktibotan. Gerora,120.000 milioi eurora iristea da Fernandezen desioa. Horrek esan nahi du ez duela baztertzen finantza erakunde berriak bereganatzea.

Bizkaiko kutxa da orain arte desioa argien erakutsi duena. CAM Mediterraneoko Kutxa eskuratzen saiatu zen aurrena. Huts egin zuen ahaleginak. CajaSur jo zuen begiz gero, eta hura lortu zuen BBK-k. CAMen gaineko beste eskaintza bat egitea hirurek elkarrekin ez dute baztertu. Hurrengo bost urteetan emaitzak hirukoiztea espero dute. Iaz 380 milioi lortu zituzten.

Batzar nagusien zain

Bat-egitearen hurrengo urrats garrantzitsua iraileko lehen hamabostaldian izango da. Orduan bilduko dira batzar nagusiak, eta berriro ere guztiek berretsi beharko dute akordioa. Aurtengo azken hiruhilekoan lotuko dituzte gainerako xehetasunak eta 2012ko urtarrilean espero da Kutxa Bank martxan hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.