Uztailaren 7az geroztik negoziazio kolektiboa blokeatuta dago Hego Euskal Herrian. Egoera horrek langileei, sindikatuei eta enpresariei nola eragiten dien eta bakoitza arazoari nola erantzuten ari den sakon aztertzeko, Berriak lau elkarrizketa argitaratuko ditu datozen lau asteburuetan. Bihar Egitura gehigarriak Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiari egindako elkarrizketa argitaratuko du. Datorren asteburuan Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidentearen elkarrizketaren txanda izango da, azaroko lehen asteburuan Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiarena, eta azaroaren bigarren asteburuan Jose Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak itxiko du hitzarmen kolektiboei buruzko elkarrizketa sorta.
Hona, aurrerapen gisa, biharko Egiturako elkarrizketan Adolfo Muñozek esandakoak:
“Patronalak ikusten badu enpresan indarra galdu duela, sektorean jarrera alda dezake”.
“200 hitzarmen baino gehiago sinatu ditugu enpresetan, eta bide horrekin jarraitu nahi dugu”.
“LABen dokumentuan ez dugu aurrerapausurik ikusi. Are gehiago, ELAren posturatik aldentzen ari dira”.
“Patronalen arteko eztabaida bat lortu behar dugu, eta hori hitzarmenak negoziatzen sortzen da”.
“Gipuzkoako zerga eredua ez da erreferente bat. Izan ere, politika horrekin ez dira betetzen gizartean dauden behar sozialak”.