Ekonomia

Adolfo Muñoz: "Politika hauek onartzen dituztenekin gu ez goaz ontzi berean"

ELAko ordezkariekin Iruñean egindako biltzarrean, mobilizazioan, antolamenduan eta autonomian oinarritutako sindikalismoa aldarrikatu du.

joxerra senar
2012ko abenduaren 19a
14:00
Entzun

“Politikak porrot egin du”. Gordin mintzatu da Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia sindikatuko militanteen aurrean, Labrit frontoian egindako biltzarrean. Haren esanetan, “politika antzerki” bihurtu da, eta sinplekeriak zein topikoak baino ez dira errepikatzen, hala nola "krisi honetan denok batera arraun egin behar dugu". “Arraun egin norekin? Politika neoliberak argudiatzen dituztenekin? Gu ez goaz ontzi berean politika hauek egiten dituztenekin”. 

Lau gertaera ekarri ditu gogora Muñozek. Batetik, "espekulatzaileen dirua ematera behartzen dituen" iazko iraileko Konstituzioaren aldaketa. "Andaluziako sozialista bati soilik entzun diot barkamena eskatzen horregatik, bakarrari". Bigarrenik, urte hasieran Kongresuan onartutako Finantza Egonkortasunaren Legea, "defizita obsesio bihurtzen duena". Hirugarrenik, oinarrizko legedi bidez Espainiako Gobernuak gainerako administrazioei bere politikak ezartzea, eta, azkenik, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak. 

Muñozen arabera, Hego Euskal Herriko politikariek sistema itxi hori onartzen badute, politika neoliberalak modu gordinean ezarriko dira, pobrezia, langabezia eta desberdintasun sozialak areagotuz. Haren ustez, gakoa ez da gobernuak aldatzea, politikak aldatzea baizik. Salatu duenez, finantza botereek alderdien eliteak lotuak dituzte, eta polika bakarra egitea ahalbidetzen dute horrela.

Gaineratu du lan erreformarekin sektoreko itunek eraginkortasuna galdu dutela, kontratu izateari utzi diotelako, eta horregatik sindikatuen indarra enpresetan biltzen dela azpimarratu du. “Enpresetan ez dagoen sindikatu orok Ipar Poloan hozkailu batek baino gutxiago balio du”. Haren ustez, lan mundua “oihan” bihurtu du PPk, eta horren aurrean antolamendua eta borroka baino ez da geratzen: “Gu iritsiko gara iritsi ahal garen tokira, eta toki batzuetara iritsi ez izana ez da ELAren errua, Raxoirena baizik”. Sinesgarritasuna irabazteko, finantza autonomia eta alderdiekin loturarik ez izatea aldarrikatu du.

Amaieran, manifestazioa egin dute UPNren politika murriztaileen aurka. Manifestazioa Parlamentu aurrean amaitu da.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.