"Botere ekonomikoek sortu nahi duten beldurra gelditzeko" beharrezkoa da hilaren 26rako deitu duten greba orokorra egitea, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozen esanetan. Patronalak "oihanaren legea" ezarri nahi duela uste du Muñozek, baina ohartarazi du sindikatuek lan egingo dutela horren kontra: "Ez gaude prest hori onartzeko. ELA ez dago prest patronal hau legitimatzeko".
Euskadi Irratian elkarrizketa egin diote Muñozi. Haren iritziz, enpresariak "oso pozik" daude Espainiako Gobernuak eginiko azken lan erreformarekin, eta ziurtatu du haren ondotik sortu diren lanpostuak "oso txarrak eta prekarioak" direla. Uste du horien aurrean esparru sozial "sendo" bat sortu behar dela, eta, murrizketen kontra, herritarren antolakuntza jo du sindikatuen erronka nagusitzat.
CCOOk eta UGTk datorren asteazkeneko greba deialdiarekin bat egin ez dutela eta, Muñozek beharrezkotzat jo du batasun sindikala, baina gaineratu du horren aurretik helburuak aztertu behar direla, bestela batasun hori "demagogia" izan daitekeelakoan: "Batasuna zertarako, PSOEri babesa emateko? Kolpe antisozial erraldoia eman zuen PSOEk gobernuan zegoenean".