AEBek diru publikoarekin salbatu nahi dute finantza sistema osoa

Paulsonek agindu du «ehunka mila milioi dolar» gastatuko dituztela, besteak beste, hipoteken zorra bere gain hartzeko

IKER ARANBURU - JOXERRA SENAR
2008ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Akabo AEBetako Gobernuaren ohiko erretorika liberala. Porrot egitera zihoazen finantza erakundeak banan-banan salbatu beharrean, AEBetako Gobernua sistema osoa salbatzeko plana prestatzen ari da. Neurrien artean dago bankuek eta beste finantza erakundeek dituzten aktibo toxiko guztiak bere gain hartzea, eta ahal dela, urte batzuen buruan saltzea. Burtsek zoramenez erantzun diote Washingtonen planari, eta igoera historikoak izan dituzte, ia-ia %10ekoak.

«Inoiz ikusi gabeko erronkei inoiz ikusi gabeko ekintzekin erantzuten ari gara». Horrela justifikatu zuen George Bush AEBetako presidenteak finantza merkatu osoa salbatzeko plana. Henry Paulson Altxorreko idazkariak iragarri zuen diru publikoko «ehunka mila milioi dolar» gastatuko dituztela, baina azaldu zuen ezer ez egiteak «are kostu handiagoa» ekarriko liekeelaAEBetako familiei. Bestela esanda, banku gehiagok porrot egingo luketela eta herritarrek ezingo luketela mailegurik hartu.

Kopuru ofizialik ez dagoen arren, iturri batzuek aurreratu dute 765.000 milioi dolar izango direla, 530.000 milioi euro inguru. Hori da, gutxi gorabehera, Herbehereetako Barne Produktu Gordina, edo AEBek iaz izan zutenaren %5,5. Bushek aitortu du diru hori galtzeko arriskua badagoela, baina etorkizunean berreskuratzeko «itxaropena» dutela.

Salbamendu operazioaren xehetasunak asteburuan finduko ditu AEBetako Gobernuak, Kongresuarekin negoziatu ondoren. Baina orain arte jakin denez, planak baimena emango dio gobernuari hipotekak eta horietan oinarritutako bonu kutsatuak erosteko. «Gobernu federalak ondasun horietaz jabetu beharko du, gure finantza erakundeak hondoratzen ari direlako eta gure ekonomiari mehatxu egiten», azaldu zuen Paulsonek.

Gainera, diru merkatuko funtsak aldi baterako bermatuko dute, porrot egin ez dezaten. Orain arte inbertsio seguruenak ziren horiek, baina lehen arazoak izaten ari ziren.

Ikusteko dago AEBetako kutxa publikoek nola erantzun ahal dioten planari. Dagoeneko 300.000 milioi dolar jarri behar izan ditu Fannie Mae, Freddie Mac eta AIG nazionalizatzeko.

Planaren helburua da finantza sistema osoa lasaitzea, bankuetako kontuak garbitzea eta berriro ere bankuen arteko konfiantza giroa sortzeko baldintzak izatea. Hau da, inork ez dezala uste albokoa porrot egiteko zorian dagoela eta hortaz, hari baldintza onetan dirua uztea, bueltan jasoko duen segurtasunaz.

Planak baditu arriskuak. Batetik, Wall Streeten sinesgarritasuna jota utziko du. Bestetik, AEBetako Gobernuaren finantzetan ere eragina izango du. Ez soilikkutxak are gehiago hustuko dituelako, baizik eta plana finantzatzeko jaulki beharko duen zorrak agian ez dituelako nazioarteko inbertsiogileak erakarriko.

Burtsaren euforia

AEBetako gobernuaren iragarpena burtsek pozez zoratzen hartu zuten eta aspaldiko asterik goibelena aspaldiko egunik borobilenarekin hartu zuten, kasu askotan galdutakoa berreskuratu eta irabaziak izateraino. Bilbo-2000k %8,2 irabazi zuen, eta Ibex-35ek berriz, %8,71eko jauzia eman zuen, inoizko handiena. Historiako igoerarik handiena izan zuten ere Parisko CAC-40k (%9,27) eta FTSE-100 (%8,84). Dow Jonesek irabazi apalagoak zituen arratsale erdian (%3,10).

Irabazle handienen artean asteko zigortuenak: bankuak. UBSk %31,7ko errebotea jo zuen, Credit Agricole %26,3 igo zen, Societe Generale %19,9, ING %21,1, BBVAk %12 eta Santander %13.



Inoiz ikusiko gabeko erronkei inoiz ikusi gabeko ekintzekin erantzuten ari gara»

George W.Bush
AEBetako presidentea




'Short selling'

Estatu Batuetako burtsaren agintariek (SEC) eta Erresuma Batuekoek (FSA) erabaki dute behin-behinean short selling operazioak debekatzea. SECen kasuan, 799 finantza erakunderen gainekoa da debekua, eta urrira arte iraungo du. FSAren kasuan, berriz, urtarrilaren 16ra arte iraungo du.

Zer da short selling?Norbera jabe ez den titulu bat (akzio, bonu edo petrolio kontratu bat) maileguan eskatzen zaio merkatuetako salerosle bati. Tituluek beherantz egingo dutela egiten dute apustu, eta beherantz eginez gero, orduan tituluak erosi egiten dituzte. Orduan, hasieran titulu maileguan eman dion operadoreari tarifa bat ordaintzen dio, eta diferentziarekin geratzen da.

Adibidez? B bankuaren akzioak 15 euro balio dute, eta S salerosleak O operadoreari maileguan hartzen dizkio B-ren 1.000 akzio, 15.000 euroko prezioan. B-ren akzioek beherantz egiten dute, 10 euroraino. Orduan Sk 1.000 akzio erosten ditu 10.000 euroan. O-ri ordaindu beharreko tarifa ordaindu ondoren, ia 5.000 eurorekin geratzen da (gainsaria ken tarifa).

Nortzuk aritzen dira operazio horietan? Bereziki, hedge fund funtsak. Taktika eta operazio desberdinak erabiliz, merkatuek gorantz edo beherantz jo, beti irabaztera jokatzen duten espekulatzaile osoak dira. Arriskua kudeatzeko modu oldarkorrena dute.

Zergatik debekatu dituzte?

Beheranzko merkatuetan da errentagarria. Susmoa dago aste honetan hedge fund-ek dirua masiboki erabili dutela finantza erakunde jakinen akzioen aurka, merkatuak manipulatuz eta behera egingo dutela apustu eginez.

Zergatik ez dituzte betiko debekatzen?

Galdera ona. Konpainiei likidezia emateko balio dezakeela aipatzen den arren, oro har gaizki ikusiak dira, albokoaren gainbeheraz baliatzen direlako. Ikusten denez, gainera, manipulaziorako erabil daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.