AEBek ere bankuetako akzioak erosiko dituztela iragarri du Bushek

125.000 milioi dolar erabiliko dituzte herrialdeko bederatzi banku nagusien zati bat nazionalizatzeko

Miren Garate.
2008ko urriaren 15a
00:00
Entzun
700.000 milioi dolarreko aurrekontua zuen plana onartu zuten AEBek duela bi aste finantza krisiari aurre egiteko. Ondo kostata onartu ere. Bada, horietatik 250.000 milioi planean aipatu ere egiten ez zen neurri batean gastatuko dituzte: bankuak partzialki nazionalizatzen. Paulson plana ez da espero adinako emaitzarik ematen ari AEBetan. Aldiz, harrera hobea izan dute Europako estatuekiragarritako neurriek. Hori dela eta,Bushen Gobernuak haiek imitatzea erabaki du.

250.000 milioi dolar horietatik erdia herrialdeko bederatzi finantza erakundenagusiei akzioak erosteko erabiliko dituzte. Wall Street Journal-ek jakinarazi duenez, J. P. Morganek, Bank of Americak, Citigroupek, Wells Fargok, Bank of New York Mellonek, Morgan Stanleyk, Merrill Lynchek, State Streetek eta Goldman Sachek onartu dute dagoeneko Gobernuaren parte hartzea. Beste erdia gainerako erakundeentzat gordeko dute. Bestalde, FDICek, Deposituen Bermerako KorporazioFederalak, bankuen zor titulu guztiak bermatuko ditu.

AEBen porrota

AEBetako hainbat kongresu kidek hasieratik nahi zuten Paulson planak diru publikoarekin bankuak erosteko aukera ematea. Baina Altxor publikoa horren aurka agertu zen, finantza erakundeetan dirua sartzea AEBen, hango finantza sistemaren eta Gobernuaren porrota onartzea zela argudiatuta. Henry Paulson planaren egile eta Altxorreko idazkariak berak neurria onartu izanaz dagoeneko «damututa» dagoela esan du. Halere, haren esanetan, hori zen konfiantza berreskuratzeko bide bakarra.

Bushen eta Paulsonen hitzen ondotik, Dow Jones indizea nahiko noraezean ibili zen. Lerro hauek idazteko orduan, %1,71 galtzen ari zen. Europako burtsek emaitza hobeak izan zituzten. Aurreko egunean igoera historikoak izan ondoren, atzo ere goranzko joerari eutsi zioten. Badirudi Europako herrialdeek iragarritako neurriek inbertsiogileak konbentzitu dituztela, hala ere, oraindik ikusteko dago bilakaera bat hasi den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.