petrolioa

AEBek erreserbetako petrolioa erabiliko dute bertako findegiek lanean jarrai dezaten

AEBetako findegiek erreserba estrategikoko petrolioa erabiliko dute George Bush AEBetako Gobernuko presidentearen baimenarekin. Samuel Bodman AEBetako Energia idazkariak adierazi duenez, "ziurrenik bihartik aurrera" posible izango da erreserbako petrolioa erabiltzea 'Katrina' zirimolak findegietan egindako kalteei aurre egiteko. Nazioarteko Energia Agentziak goiztiartzat jo du Bushek hartutako erabakia.

2005eko abuztuaren 31
16:19
Entzun
Samuel Bodman AEBetako Energia idazkariaren arabera 770,2 milioi petrolio upel ditu bertako erreserbak, eta Gobernuak findegiei zenbat upel emango dizkien jakinaraziko du datozen orduetan.

Erreserbetako petrolioa Texas eta Louisianako kostaldean dauden gatz haitzuloetan gordetzen da. Urre beltza Mexikoko Golkoan dauden findegietara banatuko da horiek funtzionatzen jarrai dezaten.



'Katrina' zirimolak Floridako hegoaldetik hasita Louisiana eta Mississippiko kostaldeetaraino eragin dituen kalteek Mexikoko Golkoan dauden petrolio fabriken ekoizpenaren %92a geldiarazi du.

AEBetako hegoaldean eta New Orleanseko portuan dauden findegien lana ere eten du gertakari metereologikoak. Bodmanek esan duenez energia elektrikoaren gabeziak AEBetako hegoalde eta ekialdean dauden bi oliobide garrantzitsuenen lana bertan behera utzi du.

Nazioarteko Energia Agentzia ez dago ados hartutako erabakiarekin

Nazioarteko Energia Agentziak (AIE)AEBetako Gobernuak hartutako erabakia "goiztiarra" dela adierazi du, zirimolak eragindako kalteak oraindik zenbatugabeak direlako. AIEko zuzendari exekutiboaren hitzetan, "izuak eragindako erreakzio bat da, hurrengo astera arte ez baita jakingo zirimolak sortutako kalteen tamaina zenbaterainokoa den".

Zuzendariaren arabera, "merkatuaren ikuspuntutik zirimolaren eragina ez da hainbesterainokoa izan: findegiek petrolio estok handiak dituzte, eta baita fuel-oila eta gasolioa bezalako produktu eratorriak ere". Hala ere, gasolinarekin arazoak egon daitezkeela esan du, baina oraindik zortzi egunerako erreserbak daudela ñabartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.