Ekonomia suspertzeko zantzuak ikusi zituzten askok atzo AEBetako ekonomiaren datuak ikusi ondoren. Barack Obamaren gobernuaren arabera, %1 egin du atzera urteko bigarren hiruhilekoan aurrekoarekin alderatuz. Bilakaeran alde nabarmenak ageri dira: 2008ko azken hiruhilekoan %6,3 txikitu baitzen, eta urteko lehenengoan %5,5.
Adituek eginiko aurreikuspenak ere hobetu ditu emaitza horrek: barne produktu gordina %1,2 txikituko zela espero baitzuten. Horien esanetan, hobekuntza hori hiru arrazoiengatik eman da: etxebizitzetakoak ez diren inbertsioak ez direlako aurreko hilabeteetan bezain beste gutxitu, eta esportazioen eta enpresen egoera hobetu delako.
Hala eta guztiz ere, laugarren hilabetea bete du jarraian atzera egiten AEBetako ekonomiak. Halakorik ez da ikusi 1947an datuak biltzen hasi zirenetik.
Inflazioa behera, Eurogunean
Atlantikoaren beste aldean, Europan, inflazioak beheraka segitzen du. Eurostaten arabera,-%0,6an geratu da uztailean, ekainean baino bost hamarren gutxiago.
Langabeziaren datuen berri ere eman zuen atzo, eta horrek, berriz, goraka jarraitzen du. Dagoeneko %9,4ra iritsi da, azken hamar urteetako mailarik okerrenera. Beste behin, Espainiak puztu du batez bestekoa, %18,1era iritsi baita. Kontrako aldean Herbehereak dago, %3,3 tasarekin.
AEBetako BPGak beherakada moteldu, eta %1 jaitsi da apiriletik ekainera
Lau hilabete jarraian daramatza atzera egiten, eta ez da horrelakorik ikusi 1947an datuak biltzen hasi zirenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu