Txarretik okerrera. Horrelaxe doa AEBetako egoera ekonomikoa, eta urtea hasi besterik ez da egin. Barack Obama presidenteak berak «penagarria» dela adierazi du. Azken hiru hilabeteetako datuak horren adibide garbia dira: denbora horretan AEBetako ekonomiak %3,8 egin du atzera. Ezda horrelakorik ikusi 1982tik, alegia, inflazioa moteltzeko bankuei maileguak emateko muga jarri zitzaienetik.
Hala eta guztiz ere, urte osoko BPGa ez da negatiboa izan, eta %1,3an geratuda. Adituek oraindik eta emaitza okerragoak espero zituzten, azken hiruhilekoan BPGa %5,1 jaitsiko zela uste baitzuten. Aurreikuspenak bete ez direla arrazoitzeko, enpresek eskariak egiteari ez diotela utzi esan dute, nahiz eta kontsumitzaileen gastuak behera egin. Azken hiruhilekoan iaz baino %3,5 gutxiago gastatu zuten AEBetako herritarrek, eta aurreko hiruhilekoan, %3,8 gutxiago.
Hori dela eta, Obamak «azkar eta ausardiaz» jokatu behar dela adierazi du. Atzo, klase ertaineko familiei laguntzeko beste talde bat aurkeztu zuen, eta Joe Biden presidenteordea izango da talde horretako burua.
Emaitza txarrak Japonian
Munduko bigarren ekonomiaren emaitzak ez dira hobeak. Japonia emaitza txarrak bata bestearen atzetik batzen dabil: langabezia tasak 42 urtean izandako igoerarik handiena eduki du abenduan, industria produkzioak inoizko beherakadarik handiena, eta deflazioaren mehatxua du gainean.
Atzo Japoniako Gobernuak datu ekonomikoen berri eman zuen, eta espero baino okerragoak izan dira, gainera. Horien artean, langabezia tasarena azpimarratzeko modukoa da: 1967tikez da horrenbeste igo hilabete bakar batean.
Europako herrialde batzuekin edo AEBekin alderatuta, Japoniako langabezia tasa baxua da (%4,4), baina azarotik abendura %0,5 egin zuen gora. Gobernuak 390.000 langabe gehiago zenbatu zituen abenduan, eta, guztira, 2,7 milioi langabe daude. Gainera, ez dauka hobetzeko itxurarik, aste honetan bertan Toshibak 4.500 kaleratze iragarri baititu.
Langabezia tasari ez diote askorik lagunduko industria produkzioaren emaitzek: %9,6 egin du behera, eta 1953tik ez du horrelako jaitsierarik izan. Urtarrilean ere %9,1 egingo duela behera aurreikusi du Gobernuak. Otsailean, berriz, zertxobait hobetuko dela espero du: %4,2 egingo duelabehera uste du. Egoera horretan lantegiekekoizpena gehiago jaitsiko dutela espero daiteke.
Horrek guztiak eragina izan du japoniarren kontsumoan, eta azarotik abendura %4,6 jaitsi da. Ondorioz, KPIak ere behera jarraitzen du, eta deflazioaren mehatxua gainean dauka munduko bigarren ekonomiak.
AEBetako ekonomia, egoera «penagarrian»
Azken hiruhilekoan, munduko lehenengo ekonomiaren barne produktu gordinak %3,8 egin du behera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu