Zorraren krisia

AEBetan 2013 erdira arte izango dira %0n interes tasak

Erreserba Federalak ez du argitu altxor bonuak erosiko dituen, baina esan du erreminta denak erabiltzeko prest dela

joxerra senar
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Erreserba Federalak (Fed) keinu egin die merkatuei. Batetik, beste bi urtez, «2013 erdira arte», interes tasa orokorrei %0 eta %0,25 artean eutsiko diela iragarri du. Bestetik, «susperraldi ekonomiko sendoagoa» bultzatzeko asmoz, diru politikaren erreminta guztiak erabiltzeko prest dagoela azaldu du. Horrenbestez, nahiz eta zuzenean ez aipatu, Erreserba Federalak mezu horrekin aditzera eman du behar izanez gero hirugarren aldiz quantitative easing erabiltzeko prest dagoela. Aitzitik, atzo 20:15ean kaleratutako oharrak ez du jaso Feden gobernu batzordeko hamar kideen oniritzia. Hiru kidek kontra bozkatu zuten.

Agiri horretan Erreserba Federalak arrazoitzen du Estatu Batuetako hazkunde ekonomikoa «aurreikusitakoa baino txarragoa» izan dela, besteak beste sendien kontsumoarengatik eta enpresen inbertsio ahulagatik. Era berean, inflazioak urte hasieratik gora egin arren, hurrengo hilabeteetan egonkortu egingo dela iritzi dio. Hala, konpromisoa hartu du %0tik gertuko diru politika arina beste bi urtez izateko, eta diru politikaren erreminta guztiak erabiltzeko borondatea azaldu du. Lehen minutuetan, Wall Streetek behera egin zuen nabarmen —beharbada, mezuen gainetik, neurriak hartzea espero zuelako—.

Quantitative easing edo arintze kuantitatiboa delako programa bi aldiz jarri du abian. Kontzeptu arrotza bada ere, funtsean esan nahi du Erreserba Federalak Estatu Batuetako epe luzeko altxor bonuak erosten dituela; edo beste modu batean esanda, Estatu Batuetako banku zentralak, Fedek, herrialdeko zor publikoa erosi duela. Hau da, bere buruari zor tituluak salerosita, Erreserba Federalak salbuespenezko neurri horren bidez dirua sortu du, eta likidezia jaulki du finantza merkatuetan.Horregatik dute gustuko burtsek.

Ondorio ugari ditu. Batetik, dirua sortuta dolarra debaluatu egiten da, eta beste herrialdeek dolarrekiko lehiakor izaten jarraitu nahi badute, AEBetako altxor bonuak eta dolar aktiboak erostera behartzen ditu, herrialdeko defizit publikoa zein ekonomia finantzatuz. Bestetik, herrialde barrura begira, estatubatuar arrunten batez besteko errenta jaitsi egiten da, eta debaluazio orotan bezala, atzerriko herrialdeekin alderatuta lan kostuek behera egiten dute; aitzitik, inportazioak garestiagoak direnez, kontsumo prezioen indizea garestitu egiten zaie herritarrei. Ekaineko azken datuen arabera, %3,6an da inflazioa, azken lau urteetako mailarik handienean.

2009. urte hasieran iragarri zuen quantitative easing Erreserba Federalak. Hurrengo hilabeteetan, Erreserba Federalak AEBetako altxor bonutan 300.000 milioi dolar erosi zituen, eta finantza krisian hatzak harrapatu zituzten bankuen aktibo toxikoak hartu zituen bere gain —1,5 bilioi dolar adina—. Programa iazko martxoan eten zuen. Azaroan, berriro ekin zion: geroztik ekainera arte beste 600.000 milioi dolar eskuratu ditu AEBetako altxor bonutan.

Konfiantza galera

Ekainean amaitu zen, eta hilabete eta erdiren ondoren, berriro erabiltzeko prest da. Abantaila bat dute AEBek. Horrelako neurriak erabiliagatik, munduko diru erreserba nagusi gisa dela dolarra. Haatik, urte hasieratik AEBetako zorraren gaineko konfiantza pitzatzen ari da. Martxotik, errenta finkoko funts handienak, Pimcok, ez du AEBetako bonurik erosten. Txinak, berriz, erosketa erritmoa jaitsi egin du. Azkenik, ostiralean S&P agentziak AEBen kalifikazio gorena koska bat jaitsi izanak konfiantza hori are gehiago kaskartu du. Testuinguru horretan etorri da Feden mezua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.