ITP Aeroren salmentan zeresana nahi dute enpresa aeronautikako langileek. Agiri bateratua argitaratu dute Aernnovako enpresa batzordearekin, Arabako konpainia baita hautagaietako bat hegazkin turbinen egile bizkaitarra erosteko. Operazioa gauzatuko balitz, lan taldea «osotasunean» errespetatzeko exijitu dute, eta azken hilabeteetan kaleratutako langileak berriro hartzeko.
Berregituraketa bete-betean dago Euskal Herriko sektore aeronautikoa. Hegazkin berrien eskaeren amiltzeari kaleratze sorta handi batekin erantzun diote enpresa nagusiek: Lauak taldeak Lapurdin eta Nafarroa Beherean, MTorresek Nafarroan, Alestisek Araban... Murrizketa horiek iritsi dira bi talde handienetara ere, ITPra eta Aernnovara. Lehenengoak 121 langile kendu zituen Zamudioko egoitza nagusian (Bizkaia), eta beste 86 bere fundizio lanak egiten dituen ITP Aero Castingsek (PCB ohia), Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia); aurretik, gainera, behin-behineko 115 langileri ez zien kontratua berritu. Aernnovak, berriz, 82 langile bota zituen abenduaren amaieran.
Berregituraketa horrekin nahastu da beste prozesu bat: ITP Aeroren salmenta. Rolls Roycek Bizkaiko Sener ingeniaritza enpresak zuen zatia (%53) erosi zuen duela hiru urte, baina orain oso-osorik saldu nahi du. Salmenta horrek baditu berezitasun batzuk: ITPk hegazkin militarrentzat motorrak ere egiten dituenez, Espainiako Gobernuaren baimena behar du, eta hori ez da automatikoa. Esaterako, Rolls Roycek 2016ko udan iragarri zuen ITP osorik erosi nahi zuela, baina Madrilek ez zuen baimena eman 2017ko abendura arte.
Oraingo salmentan ere esku hartzen ari da Espainiako Gobernua. Ez du nahi ITP osorik inbertsio funts baten esku geratzea, epe laburreko inbertsioak izan ohi direlako haienak –etekina lortzeko aukera dutenean saltzen dute—, eta horregatik ari da sektoreko enpresei presio egiten eskaintzak egiteko. Operazio horretan zeresana du Eusko Jaurlaritzak ere, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azaldu duenez, interes handia baitu ITPren erabakiguneak eta jarduerak Euskal Herrian jarrai dezan. Horregatik, prest dago operazioan laguntzeko, akzioen zati bat erosita Finkatuz funtsaren bitartez.
Haserre agintariekin
Tapiak «aukera bat baino gehiago» daudela esan arren, Aernnova da orain arte gehien aipatutakoa, eta horri erantzuten dio gaur Aernnovako eta ITP Aero Castings-eko (PCB) enpresa batzordeen agiri bateratua. Horretan, langileek ordezkariek kritika zuzena egin diete admnistrazioei, haiekin harremanetan ez jartzeagatik, baina, batez ere, fusio horiek hauspotuta «badirudielako ontzat ematen dituztela kaleratze masiboak». Enpresa batzordeen arabera, «erabat nazkagarria da apustu ekonomikoetan aritzea, ehunka pertsona kalean eta diru-sarrerarik gabe utzi dituen kapitalari norabidea bideratuz».
Sektore aeronautikoak laguntza publiko handiak jaso dituela gogorarazi ondoren, agintari politikoei leporatu diete «fabrika batzuen arduradunei diru-sarrera erakargarria bermatuko dien jokaldi ekonomikoaren alde apustu egitea. Eta langileen bizkar egiten dute». Horregatik, langileak «aintzat hartzeko» eskatu dute. «Proiektu handinahi honetan enplegua lehenetsi behar da, eta kaleratutako pertsonak berriro hartu. Ezin da proiektu bat martxan jarri inposizioaren, kaleratze masiboen eta lantaldeekiko mespretxuan oinarrituta».