Hirugarren elementu bat sartu du Aernnovako zuzendaritzak sindikatuekin egiten ari den negoziazio prozesu korapilatsuan. Arabako lantegian 133 kaleratzeko asmoa bertan behera utzi zuen enpresak, baina horren ordez diruz lagundutako borondatezko lanuzteak eta lan itunaren baldintzak hitzartu nahi ditu langileen ordezkariekin. Mahaian honezkero zeuden bi kontu horiei aldi baterako erregulazio dosierra gehitu die gaur.
Zuzendaritza eta sindikatuak atzo bildu ziren. Europa press agentziak aipatutako iturrien arabera. langile batzordeak "inposiziotzat" jo du aldi baterako dosierra, eta negoziazioa "zailago" bihurtu duen faktorea dela ohartarazi du. Borondatezko lanuzteak eta lan baldintza berriak martxoaren 18rako hitzartzea adostu zuten bi aldeek. Enpresak uste du 145 langile gutxiago behar dituela taldean.
Aernnovak ez du oraingoz zehaztu zenbat langile izango diren eta zenbat denborarako. Hori bai, 2016 urterako langile bakoitzeko 50 lanegun sobera daudela jakinarazi dio batzordeari. 580 langile ditu aeronautika enpresak Berantevillako lantegian, Araba hegoaldean.
Lan itunari buruzko beste proposamen bat eraman zuten sindikatuek bilerara. Soldatari dagokionez, orain arte KPI + %1 eskatzen zuten, eta igoeran KPI + %0,75 onartzeko prest daudela adierazi dute. Halaber, malgutasunari dagokionez, laugarren lan txanda bat eratzea proposatu dute. Orain arte halako aukera baten kontra zeuden sindikatuak.