"Funtsean, hau ez da negoziazio bat, xantaia bat baizik", adierazi du Juan Carlos Gomez langile batzordeko presidenteak. Aernnovako zuzendaritzak 41 egunez lana eteteko erregulazio espedientea aurkeztu zion atzo langile batzordeari, eta langileek hamabost egun dituze hura negoziatzeko. Zuzendaritzak "lehenbailehen" jarri nahi du indarrean dosierra.
Hilabeteak daramatzate Berantevillako lantegiaren antolakuntzari eta etorkizunari buruzko negoziazioetan. Iaz 130 langile kaleratzeko erregulazioa martxan jarri zuen enpresak, baina azkenean atzera egin zuen, neurri handi batean presio publikoaren eraginez; bereziki estu hartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Baina harrezkero ere langileak sobera dituela defendatzen jarraitu du zuzendaritzak, eta negoziazio prozesu bat abiatzea proposatu zien sindikatuei. Borondatezko irteeren bidez lantaldea murrizteaz, lan baldintza berriak ezartzeaz eta behin-behineko erregulazio bat indarrean jartzeaz aritu dira.
Negoziazio horietan Jaurlaritza dabil bitartekari lanetan, eta dagoeneko proposamen bat aurkeztu die bi aldeei. Langileek datorren eguenean bozkatuko dute proposamen hori, baian langile batzordean ez dago jarrera bateraturik. Gomezek, bere kabuz, azaldu du puntu batzuetan aurrerapausoak dakartzala proposamenak, baina gaineratu du ELA ez dagoela ados "behartutako irteeren" inguruan.
Zuzendaritzak 95 langile gutxiago nahi ditu lantegian: 525etik 430era txikitu nahi du lantaldea. Sustatutako kaleratzeen bidez eta "behartutak lekualdatzeen" bidez lortu nahi du lantaldea murriztea. Lekualdatzeen kasuan langileek oraindik ez dakite ez zenbat pertsona izango liratekeen lekualdatutakoak, ez nora joango liratekeen; badakitena da soldata %7 jaitsiko litzaiekeela. Zuzendaritzak datorren urterako egina nahi du lantaldearen murrizketa.
Gomezek esplikatu duenez, zuzendaritzak ohartarazi die 41 egunez enplegua eteteko dosierraren inguruko adostasunik lortu ezean enpresak kaleratze espedientea ezarriko duela. "Jendeak bi aukeren artean erabaki beharko du: eskubideak galdu eta behartutako kaleratzeak onartu, edo kaleratze espediente baterantz jo, jakin barik zenbat langileri eragingo liokeen", esan du langile batzordeko buruak. "Ez dakit zer gailenduko den, akordio txar batek eragindako amorrua ala akordiorik ezean sor daitekeen egoera txarragoak eragindako beldurra".