LAN GATAZKA

Aernnovak ez diela lan kargarik ziurtatu argitu dute langileek

Egunotan zenbait hedabidek zabaldutako zurrumurruak okerrak direla ohartarazi dute Berantevillako plantako beharginek, eta "informazio falta" salatu. Zuzendaritzak produktibitateari lotu nahi dio soldata, eta 145 langile soberan daudela esana du.

Aernnovako langileen aldeko martxa, azaroan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA, ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko otsailaren 19a
10:36
Entzun

Iazko azaroan 133 langile —lantaldearen herena— kaleratzeko dosierra atzera bota arren, 145 lanpostu ezabatzeko formulak aztertzen ari da Aernnova Berantevillako plantan (Araba). Borondatezko kaleratzeak bultzatzeko, urteko 37 eguneko kalte-ordainak eskaintzea, itzulera eskubidedun kaleratzeak sustatzea eta langile batzuk taldearen beste enpresa batzuetara lekualdatzea proposatu du zuzendaritzak. 60 urtetik gorako langileei aurrez erretiratzea ere eskaini die, eta kontratu oso batzuk partzial bihurtzea. Gainera, hitzarmenean soldatak produktibitateari lotzea proposatu die.

Egunotan hainbat mediok zabaldutako informazioaren harira, haserre agertu dira langileak. Lan zamarik lortu izana gezurtatu dute, eta argitu gaur-gaurkoz ez dagoela inolako bermerik enpleguari eusteko: "Lan orduak gehitzeaz hitz egiten du zuzendaritzak, baina, era berean, uko egiten dio horren ondorioz suntsituko lituzkeen orduak zenbatzeari". Beharginek, halaber, borondatezko kaleratzeak baldintzak kaskartzearen lepotik egin nahi izatea leporatu diote enpresari. "Lekualdatze batzuk erraztu, erretiro aurreratuak bultzatu eta aldi baterako lan utzialdiak sustatuko ditu, betiere adostuak dauzkagun lan baldintzak okertzearen truke".

Langileek salatu dute Aernnovak funts publikoen "erabilera okerra" egiteko borondatez jarraitzen duela, eta gogorarazi "bai ala bai" kendu nahi dituela lanpostuak. Asteak daramatzate informazio eske, baina alferrik: aurrera begirako plan eta inbertsioez informazio eta zehaztasun falta txarretsi dute. "Ez dakigu ezer: ez zenbat langile botako dituzten, ez noiz, ez nola utziko duten enpresa". Iragan astean, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek aurreratu zuen Aernnovak lan karga bermatuko duen plan bat egitea hitzeman diola, eta hura noiz iritsiko zain dagoela oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.